Juan Mari Beristain pilotari ohia hil da

Nerea Uranga

Juan Mari Beristain.

1972an egin zuen debuta esku pilotari errezildarrak profesionaletan eta 1990ean erretiratu zen. Beste lorpen batzuen artean, 1982an Binakakoaren txapela irabazi zuen Azpeitiko bizilagunak, Joxean Tolosarekin bikotea osatuta. Astelehenean egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, Errezilen.

Juan Mari Beristain pilotari ohi errezildarra gaur hil da, 76 urterekin. Beristain sortzez errezildarra zen, baina bere bizitzako urte gehienetan Azpeitian bizi izan da.

Errezilen hasi zen pilotan, eta lehen partidak hango frontoian jokatu zituen umetan, anaiarekin batera. Artean Errezilen bizi zela, Cesar Valverde eta Patxi Azkargorta pilotazaleek animatuta, Azpeitian hasi zen pilotan jokatzen. 2015ean Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan kontatu zuen hori Beristainek.

Azpeitian, entrenamendu saioak baino, pilota txapelketak jokatzen zituztela zioen elkarrizketa hartan. Larramendi azkoitiarrak deituta hasi omen zen afiizionatuetan jokatzen. Soldadutza egitera boluntario joan zen Madrilera, "pilotan jokatzeagatik" eta profesionaletan "ahalik eta azkarren debutatzeko". Soldadutzaren garaian, astean bi pilota partida jokatzen zituen Espainia aldean: Madrilen, Salamancan...

1972an egin zuen debuta profesionaletan, artean soldadutza egiten ari zela, 22 urte ingururekin.

1974an. Bigarren Mailako Buruz Burukoaren txapela irabazi zuen Beristainek. Txitxanen kontra 22-21 irabazita, Iruñeko Labriten. Ordura arte, pilota eta Joxe Lizasoren elektrizitate enpresako lana uztartu zituen, baina behin txapela irabazita, lana utzi egin zuen, pilotan segitzeko.

1982an lortu zuen ibilbideko garaipen handiena: Binakako Txapelketa Nagusia irabazi zuen, Joxean Tolosarekin bikotea osatuta. Donostiako Anoetako pilotalekuan jokatu zuten finalean, 22-21 irabazi zieten Garcia Ariño IV.ari eta Maiz II.ari.

Lehen mailan jokatzea “izugarria” izan zela zioen Beristainek, “pilotari onenekin” jokatzeko aukera izan zuelako. Orduan, ehun pilota partida baino gehiago jokatzen zituen urtean.

1990. urtean utzi zion pilotan jokatzeari errezildarrak, 40 urterekin, ia 30 urteko ibilbide oparoa osatuta.

Astelehenean egingo dute Juan Mari Beristainen aldeko hileta elizkizuna, Errezilen, 17:30ean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide