Olatz Izagirre absolbitu du Auzitegi Nazionalak, beste 39 gazte independentistekin batera

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza eta Berria.info 2014ko eka. 11a, 15:15

Seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak 40 auzipetuentzat, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Izagirrek "oso pozik" daudela esan dio Urola Kostako Hitza-ri, abokatuarekin hitz egin eta albistea jakin berritan. Hemen, 36 auzipeturen absoluzio epaia (gazteleraz).

Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, 26/11 sumarioan auzipetuta zeuden beste 39 gazte independentistekin batera. Segiko kide izatearen akusaziopean auzipetu zituzten gazteak, eta seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak (denera, 240 urtekoa), batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Urriaren 14an hasi zen epaiketa eta martxoan bukatu.

Auziaren azken saioetan jakinarazi zituen fiskalak ondorioak, eta Azpeitiko bizilaguna Segiren prentsa arduraduna eta Gipuzkoako arduraduna zela esan zuen fiskalak, Guardia Zibilaren ikerketak, miaketetako materiala eta beste auzipetuek berari buruz esandakoak oinarri hartuta. 

Izagirrek "oso pozik" daudela esan dio Urola Kostako Hitza-ri, abokatuarekin hitz egin eta albistea jakin berritan. Aurkako boto partikularren bat egon dela eta, helegitearen atea zabalik legokeela uste du Izagirrek, "dena den, lasai irakurri behar dugu sententzia, zer esaten duen eta arrazoiak zeintzuk diren jakitea ere garrantzitsua baita", bere ustez. Epaiketa zain dauden auzipetuen epaiketarako ere aurrekaria izan daitekeela uste du.

Manuela Fernandez Prado, Nicolas Poveda Peña eta Ramon Saez Valcarcel epaileek osatu dute epaimahaia. Povedak, ordea, boto partikularra eman du absoluzioaren kontra. Epaiaren arabera, bereizi egin behar dira "erakunde terroristarekiko bat egite ideologikoa edo bere helburu politikoekiko ekarpena" eta "gizartean izua zabaltzeko ekintzak". Horrela saihesten da "indarkeriarekin zer ikusirik ez duten jarrerak delitu terroristatzat jotzea".

2009ko sarekada

2009ko azaroan polizia operazio zabala egin zuten azaroaren 24ko gauean Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan 36 gazte atxilotu zituzten Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin. Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila, azaroaren 23 gauean. Herrian bizi zen Urnietako Olatz Izagirreren etxean izan zen, haren bila joanda, baina ez zuten bertan aurkitu. Hala ere etxea miatzen jardun zuen Guardia Zibilak.

Orduko polizia operazioaz geroztik, Donibane-Lohitzunen bizi zen Olatz Izagirre iheslari politiko gisa, eta 2010eko maiatzaren 6an atxilotu zuen frantziako poliziak Ziburun. Berarekin batera, Asier Coloma, Gaizka Likona eta Carlos Renedo atxilotu zituzten.

2010eko ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak, eta orduan Avilako (Espainia) Brieva espetxean sartu zuten preso. 2011ko urriaren 8an utzi zuten baldintzapean aske, 12.000 euroko fidantza ordainduta.

2009an abiatutako hausnarketaren ondoren, iazko ekainean egin zuen publiko Segik bere burua desegiteko erabakia. "Tresna gisa agortuta" zegoela azaldu zuen, eta gazte mugimenduan antolatzera deitu.

'Herriko tabernak' epaiaren zain

Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere herriko tabernen auziaren (35/02 sumarioaren) barruan dago. Epaiketa martxoaren 11n bukatu zen, eta ordutik epai zain daude auzipetutako 34 lagunak. Horiez gain, Euskal Herriko 110 herriko taberna ere epaitu zituzten, ETA finantziatzea egotzita eta "erantzule zibili" izatea leporatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide