"Herri aktibaziorako deia" egin dute 28 gazte auziperatuek Loiolan

Uztarria.eus 2014ko ira. 21a, 15:12

Gazteek gaur, igandea, egin duten agerraldia, Loiolan.

Bihar, astelehena, hasiko da 28 gazteen aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean. Loiolako basilikaren aurrean egin dute agerraldia auzipetuek, eta ehunka lagunen babesa izan dute. "Desobedientziarako hautua" egin dute gazteek, eta Aske Gunea jarri dute martxan, basilika aurrean. Hemen, gaur arratsaldeko argazki batzuk.

Bihar, astelehena, hasiko da 1/12 sumarioaren epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta 28 auzipetuek agerraldia egin dute epaiketa hasi bezperan, Loiolan. Auzipetuez gain, ehunka lagun bertaratu dira Loiolako basilika aurrera, epaituko dituzten gazteei babesa agertzera.

Gazteek konponbiderako bidea egiteko prestutasuna azaldu dute: "Euskal herriak gatazkaren konponbide demokratiko eta integrala nahi eta behar du. Eta gaur hemen bildutakoak ere bide hori egiteko prest gaude". Horrez gain, Espainiaren jarrera salatu dute, "konponbidean aurrera egiteko inolako borondaterik ez" duelako: "Konponbidean ekarpena egitetik urrun, oztopoak jartzeko hautua egina du estatu espainiarrak. Horren adibide da gu gaur hemen bildu beharra, Herriko tabernen auziko epaia eta beste 15 herritarren aurka egin berri duten prozedura. Herri honek konponbidearen aldeko hautua egin duen honetan eta pasa den ikasturtean 40 gazte absolbitu ostean, akusazio beraren baitan, militantzia politikoa zigortu asmo duen epaiketa honek ez du inolako zentzu ez juridiko eta politikorik".

Agerraldian desobedientziarako hautua egin dutela azaldu dute gazteek, soilik horrela egingo diotelako "aurre salbuespen legeari". 28 kide dira auzipetuak eta "28 desobeditzeko era" erabiliko dituzte esan dute, baina denen helburua bera dela argi utzita: "Euskal Herriaren askatasuna erdiesteko, egun martxan den konponbide prozesua bultzatzea eta horren aurkako erasoen aurrea herri harresia eraikitzea". "Salbuespen legedia desobeditzeko prest gaude forma eta era desberdinak oinarri izanda, baina bide hau ez dagokigu bakarrik egitea. Horregatik dei egiten diegu herritarrei euren ekarpena egitera", esan dute.

Agerraldia amaituta, martxan da dagoeneko Aske Gunea. Arratsaldean muntaketa lanak egingo dituzte, eta herritarrei dei egin diete bertaratu daitezen. Aske Gunea abian den egunetan egitasmo ugari izango da bertan.

Segiko kide izatea, "erakunde terroristako kide" izatea, egozten diete 28 auzipetuei, eta seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak. Epaiketa abenduaren 18an bukatzea aurreikusten dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide