Pioletak gora Benantxio Iruretaren omenez

Uztarria.eus 2013ko mai. 13a, 22:12

Aitor Irureta, Benantxioren semea, eta haren arrebak, elizarako bidean.

Jendetza elkartu da mendizalearen agurrean. Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzatik parrokiarako bidean kalearen bi aldeetara jarritako dozenaka lagunek pasabidea osatu dute elizkizunaren aurretik eta irteeran aurresku bat eskaini diote Azpeitiko bizilagun aizarnarrari.

Agur jendetsua eman diote gaur, astelehena, zapatuan Aneton hil zen Benantxio Irureta mendizaleari. Arratsaldean zehar lagun asko izan da Lagun Onak MB-ren egoitzan, Iruretaren errautsak jarri dituzten tokian, han zeuden haren senide eta hurbilekoenak agurtzen.

Bailarako jende asko, baita Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako mendizaleak ere. "Itzal handiko gizona" zen Benantxio Irureta, "mendizale bezala, baina baita pertsona bezala ere", zioen batek. Mendiko bere ibilbidearen garai ezberdinetan lagun izan zituen Azpeitiko eta inguruetako jende asko elkartu da hari agur esatera, tartean Josu Bereziartua. Felipe Uriarte eta Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak ere Azpeitian izan dira, besteren artean.

Hilera ordua baino hamar minutu lehenago, mendizaleen elkartetik parrokiaraino dagoen kale tartearen bi aldeak pioletak eskuetan zituen jendez bete dira. Zazpiak baino lehenxeago, txistulariak aurretik zituztela eta pioletak goian zirela osatutako pasabidetik igaro dira Benantxio Iruretaren seme Aitor, aitaren errautsen kutxa eskuetan, eta haren arrebak, gainerako senitartekoak eta gertukoak segizioan zituztela.

Elizkizunean, irakurketa eta bertsoekin agurtu dute Irureta. Elizatik irtenda, berriz, ohorezko aurreskua dantzatu diote eta bueltan zen jendetzak txalo zaparrada batekin agurtu du mendizalea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide