Egitarau oparoarekin dator Azoka Herritik

Uztarria.eus 2013ko ira. 17a, 14:02

Azoka Herritiken egitaraua.

Plazako azokek, stock azokak, bigarren eskuko azokak, tailerrek eta emanaldiek osatuko dute Azoka Herritik, hiru eguneko azoka.

Ostiralean hasiko da Azoka Herritik ekimena, eta igandea bitartean hainbat ekimen izango da herrian. Dagoeneko hasi dira eskuorriak etxeetara banatzen. Hemen azokako egitarauaren zertzelada batzuk:

Plaza, aldatuz joango den gunea

Plaza itxuraz eta edukiz aldatzen joango da azokaren egunetan. Ostiral arratsaldean herriko eta eskualdeko ekoizleen azokarekin hasiko da hiru eguneko festa. Zapatu goizean ere ekoizleek euren postuan jarriko dituzte plazan, eta arratsaldean herriko talde eta eragileen txanda izango da. Horiekin batera, Azpeitian bizi diren atzerritarrek ere postuak jarriko dituzte plazan, eta euren herrialdetako jakiak dastatzeko parada izango dute bertaratzen direnek. Igandean, berriz, herriko artisauek hartuko dute plaza.

Artisauek euren produktuak saltzeko aukera izango dute igande goizean eta arratsaldean. Orotara Euskal Herriko 33 artisauk hartuko dute parte azokan, eta horietatik 19 eskualdekoak izango dira. Besteak beste, egurrez zein zeramikaz egindako produktuak, ukenduak, bitxiak, arropak, txotxongilo eta panpinak nahiz bestelakoak erosi ahal izango dira bertan.

Stock Azoka

Hilaren 21ean, zapatua, eta hilaren 22an izango da. Bertan herriko 33 saltokik hartuko dute parte, eta Berdura plazan guztientzako tokirik ez dagoenez, bi saltokik Berdura plazako arkupetan jarriko dute postua. Azoka goizez zein arratsaldez egongo da zabalik; 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.

Bigarren eskuko azoka

Ostiralean, hilak 20, eta 21ean izango da bigarren eskuko azoka Santiago kalean. Dagoeneko hasi dira azokarako produktuak jasotzen, eta ostirala bitartean jarraituko dute materiala jasotzen eta herritarren zalantzak argitzen, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Sanjuandegiko Auzo Lokalean eta Soreasuko eraikinean.

Tailerrak 

Ostiralean hasita, gustu guztietarako tailerrak izango dira. Plazan, Plaza Txikian, Santiago Kalean zein Perez Arregi plazatxoan izango dira tailer horiek. Besteak beste, argazkilaritza tailerra, baratzagintza tailerra, eskaladakoa, arkeologiakoa, malabareena zein perkusiokoa izango dira.

Emanaldiak

Musika emanaldi bat baino gehiago izango da asteburuan. Hala nola, Izarraitz txistularien eta Juan Antxieta musika eskolakoen kalejirez gozatu ahal izango da. Horiez gain, bestelako emanaldiak ere izango dira: txori basatien eta ardi-txakurren erakustaldiak, esaterako.

Tarta erraldoia

Zapatu arratsaldean, 19:00ak aldean, Gipuzkoako bederatzi gozogilek (Egaña tartean) 1.000 lagunentzako sagar tarta erraldoia egingo dute plazan.

Jatetxeetako eskaintza

Azoka Herritiken karietara, Bertakoa erosi, prestatu, dastatu... Gozatu! ekimena antolatu dute. Larrañaga, Jai Alai, Sagasti Zahar, Mikel Uria eta Kiruri jatetxeak zein Sanagustin kulturguneak bertako produktuez osatutako plateren errezetak prestatu dituzte, eta Azoka Herritik egingo den asteburuan hasi eta urriko lehen asteburua bitartean eskaintza berezia eskainiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide