Elkartasun eta babes adierazpen jendetsua Orkatz Kultur Elkarteari

Uztarria.eus 2015ko eka. 19a, 22:48

Arlo askotako hogeitaka eragiletako ordezkariek eta norbanakoek bihar, zapatua, 19:00etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute Sanagustin kulturgunean. Azken orduetan atxikimendu gehiago jaso ditu Orkatzek.

Kultur Mahaiko Talde Eragilea, 127 tabernari eta merkatari (loturako albistekoei gehiago batu zaizkie azken orduan), ELA eta LAB sindikatuak, Gaztetxea, Ernai, EH Bildu, herriko eragileen zerrenda luzea eta hainbat norbanako, eta oraindik etortzekoak diren atxikimenduak. Elkartasun eta babes zabala ari da jasotzen Azpeitian Orkatz Kultur Elkartea, Espainiako Auzitegi Gorenak hura konfiskatzeko agindua berretsi eta ordu gutxira.

Horren erakusle izan da gaur arratsean Sanagustinen eginiko agerraldia. Aipatutako eragileetako hainbat ordezkari igo dira kulturguneko oholtzara, Orkatzi babesa adierazi eta, bereziki, zapatuan 19:00etan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egitera.

Hau da irakurri duten adierazpena:

"Orain dela 13 urte abiatu zen hainbat pertsona eta herriko tabernen aurkako auzia bere gorenera iritsi da. Espainiako auzitegi gorenak 101 elkarte bahitu eta bost pertsonari urtebete eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri die. Horien artean, gure herriko Orkatz Kultur Elkartea konfiskatu-bahitzeko agindua eman dute. Orkatz betiko ixteko agindu dute Espainiako auzitegiek. Hori dela-eta, hemen bildutako herriko eragile zein norbanakook honakoa adierazi nahi dugu:

  • Hemen bildutako eragileok urteetan harreman zein elkarlan zuzena eduki dugu Orkatz Kultur Elkartearekin. Taberna edota ostalaritza kide gisa Alde Zaharra biziberritzen, kultur elkarte kide gisa herriko kultur dinamika indartzen, herriko kultur taldeen erakusleiho, herriko mugimendu desberdinen bitarteko edota herritarron elkargune. Aitortza honekin batera, gu guztion elkartasuna eta baes osoa eskaini nahi diogu Orkatz Kultur Elkarteari.
  • Orkatz Kultur Elkartearen aurkako erasoa, bakearen eta konponbidearen aurkako eraso bezala ulertzen dugu.
  • Azkenik, Orkatz Kultur Elkartearen alde egingo diren ekimenei gure atxikimendua adierazi nahi diegu eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu, bereziki larunbat honetan 19:00etan egingo den manifestazioan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide