Azpeitiak jantzi du, hirugarren urtez jarraian, 2017ko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren txapela. Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek bikain defendatu dute aurtenoan ere 2015etik urtero herrira eraman duten txapela. Ez zaie zaletuen babesik falta izan Herriartekoa hasi zenetik, ezta gaurko hitzordu handian ere. Ilunpekoek 550 sarrera zituzten salduta atzora bitartean, eta jendez betetako zazpi autobus gerturatu dira Donostiako Atano III.a pilotalekura, Ilunpekoak animatzera eta babesa erakustera. Azpeitiko zaleak finala hastearekin batera murgildu dira festa giroan, baina jubenilekin lehertu da festa.
Aimar Egiguren eta Unai Alberdi kadeteek erdietsi dute aurreneko garaipena, oiartzuarrak 22-17 mendean hartuta. Hasieran, azpeitiarrak erraz jarri dira aurretik makargailuan, eta une batez hamar tantorainoko aldea kendu diete Oiartzungo pilotariei. Baina Azpeitiak azken sakea atera dutenean (21-14) hasi dira arerioak markagailuan aurrera egiten. Hala ere, Alberdik eta Egigurenek ondo eutsi diote partidari, eta 22-17 aurretik amaitu dute markagailuan. "Geuria da ta geuria, geuria da ta geuria..." abestiaren doinuek hartu dituzte azpeitiar zaleen harmailak.
Jubenil mailan ere hobeto aritu da Jon Alberdik eta Julen Egigurenek osatutako bikotea. Kadeteek egin bezala, aurreneko tantoak Azpeitiak egin ditu, eta Ilunpeko pilotariak aurretik jarri dira markagailuan. Oiartzungo bikotea pixkanaka gerturatzen joan bada ere, Alberdi eta Egigurenek poltsikoratu dute neurketa, markagailuan 22-7 nagusituta.
Daniel Murgiondo eta Markel Etxaniz seniorrak hasiera-hasieratik eroso aritu dira neuketa osoan zehar. Markagailuak argi erakutsi du azpeitiarrak gehiago izan direla finaleko azken partidan, eta 22-5 amaitu du aurretik Azpeitiak.
Azpeitiak 40 aldiz hartu du parte Herriarteko Eskuzko Txapelketan (50. edizioa izan da aurtengoa), eta bederatzi final jokatu ditu. Azkoitiak ditu txapel gehien eskuzko Herriartekoan, hamasei, hain zuzen. Aurtengoa irabazita, Azpeitia jarri da bigarren palmaresean, Donostiarekin batera, sei txapelekin.
Azpeitian harrera, 21:30 aldera
Festa Atano III.a pilotalekuan hasi bada ere, herrian emango diote jarraipena jaiari. Udalak harrera egingo dio Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren irabazleei, 21:30 aldera. Perez Arregi plazatik abiatuko dira txapeldunak plazaraino, Udal Musika Bandaren doinuak lagun. Udaletxera igoko dira ondoren, plazan bildutako herritarrak agurtzeko.
Azpeitiak iaz bosgarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta. Baina aurretik, 2004an, 2008an, 2010ean, 2015ean eta 2016an jantzi du Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, eta gaurko garaipenari esker, txapelketaren ibilbide osoan hiru txapel jarraian eskuratu dituen herrien multzoan sartu da, Azkoitiarekin eta Donostiarekin batera.
Horrez gain, 2008an eta 2015ean Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.
Aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Pilota txapelketa maiatzaren 7an hasi zen, baina Azpeitiko taldea maiatzaren 21ean murgildu zen lehian, zozketak hala erabakita. Aurreneko aurkaria Tolosa izan zen Azpeitiarentzat, eta joaneko zein itzulerako partidak kontuan izanda, 5-1 nagusitu ziren Ilunpeko pilotariak. Final laurdenak bereziak izan ziren, Azkoitiko taldea izan baitzen azpeitiarren aurkaria. Joaneko partida etxean jokatu zuten Ilunpekoek, eta 3-0 gainditu zituzten Azkoitikoak, bete-beteta zegoen Frontoi Txikian. Itzulerako partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan hartu zuen leku, eta estu-estua izan zen. Azkenean, 2 eta 1eko emaitzarekin itzuli zen Azpeitia etxera, finalaurrekorako txartela poltsikoan zuela. Orduan ere herritarren babesik ez zitzaien falta izan Ilunpeko mutilei, dozenaka eta dozenaka azpeitiar hurbildu baitziren Azkoitiko pilotalekura, herriko taldeari babesa erakustera. Ataun izan zen Ilunpekoen azken aurkaria. Frontoi Txikian jokatutako finalaurreko joaneko partida estua izan bazen ere, itzulerakoan nabarmen nagusitu ziren Azpeitiko pilotariak, Ataun 3 eta 0 mendean hartuta.