Festa giroa eta danbor hotsak nagusituko dira Azpeitian gaurtik. Eguraldi iragarpena onena ez izan arren, sansebastianak ospatzeko prest eta gogoz daude azpeitiarrak, eta igande iluntzera arte luzatuko den festa egitarauari helduko diote gaur gauean. Danbor hotsak eta doinuak eguerditik entzungo dira, ordea, haurrek ikastetxeetan –edo kalez kale– egingo dituzten danborradetan.
Kaleko festa handia 22:15ean hasiko da. Ordu horretan abiatuko da, Olazko Andre Mariaren plaza paretik, San Sebastian bezperako helduen danborrada jendetsua. 1.500-1.600 herritarrek parte hartuko dute desfilean, 27 taldetan banatuta. Hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale aurten taldeak: Oñazbideko Gastadoreak, Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak eta Barratsu.
Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira danborrak, txapak eta barrikak jotzen. Lehen geldialdia Soreasuko Sebastian Donearen parrokia atarian egingo dute, urtero legez, eta gauerdirako iritsiko dira plazara. Talde guztiak plaza betean eta banderadunak udaletxeko balkoi nagusian direla igoko dute herriko bandera, San Sebastian Martxa jotzen duten bitartean. Jarraian iritsiko da gaueko unerik berezienetako bat. Arrantzale taldea 50. aldiz irtengo da gaur danborradan eta omenaldia jasoko du udaletxean.
Irudian, taldeek plazan izango duten kokapena:
San Sebastian eguna
Danbor hotsekin esnatuko da San Sebastian eguna ere. Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeek Aldalurren Dianaren doinuekin esnatuko dituzte lo hartu zaharrak izango ez diren Alde Zaharreko kaleak, Musika Bandarekin, txistulariekin eta musika eskolako txilibitu-jotzaileekin batera; gero, prozesioan ere joko dute, eta parrokia barruan ere bai, meza aurretik.
Baina eguneko danborrada handiena umeena izango da. 12:30ean hasiko da eta helduek bezperan egindako ibilbide beretsua osatuko du, baina parrokian gelditu gabe. 600 bat haurrek parte hartuko dute, hamar taldetan banatuta. Karmelo Etxegaraiko Napoleoi urdinak, Juan Antxieta Musika Eskola, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak, Karmelo Etxegaraiko Napoleoi gorriak, Iraurgiko Zumalakarregi, Karmelo Etxegaraiko Bizkainoen Tertzioa, Ikasberriko soldaduak eta Iraurgiko mikeleteak hurrenkera horretan ibiliko dira desfilean. Danborrada irekiko duten Gastadoreak eta itxiko duen karrozan joango diren umeak Karmelo Etxegaraiko ikasleak izango dira aurten. Karrozak, berriz, aurten ospatzen den Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrena omenduko du.
Irudian, taldeek plazan izango duten kokapena:
Sokamuturra izango da, hain zuzen ere, eguneko beste hitzorduetako bat. 12:00etan, orduerdiz aterako dute zezena, plazaraino; eta 16:30ean hasiko da urteko lehen sokamutur luzea.
Azken danbor hotsak, urtero bezala, San Sebastian gauean iritsiko dira. Aurten talde guztiek jaso dute banderaren jaitsieran parte hartzeko gonbidapena eta, azkenean, hamabi izango dira 23:15ean hasita egingo den danborradan ariko direnak.
Igandean, zezenak
Asteburua borobiltzeko, igandera arte luzatu dute festa egitaraua. Eta igandean, zezenak izango dira nagusi: eguerdian, zezen txikiak eta poniak izango dira umeentzat; eta 16:30ean, helduentzako sokamuturra.