Kalera, plazara, irten dira gaur, martxoak 8, eguerdian herriko ehunka emakume. Ikasleak, langileak, jubilatuak, gazteak, helduak, zaharrak, euskaldunak, ez euskaldunak, txikiak, handiak... baina denak emakumeak, eta guztiak eskubide eta aldarri berdinen defentsan.
Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta munduko txoko ezberdinetako milaka emakumek egin dute bat gaurko deituta zegoen nazioarteko greba feministarekin. Euskal Herriko mugimendu feministak Emakumeok* planto! lelopean deitu ditu lanuzteak, eta deialdira batu da Azpeitiko mugimendu feminista ere. Hala, herriko emakumeek mobilizazioak deitu dituzte gaurko. Aurreneko hitzordua 12:00etan zuten jarrita: mosaikoa plazan.
Udaletxeko kanpaiek 12:00ak jotzerako ehunka emakume bertaratu da plazara, Azpeitiko mugimendu feministak deitutako hitzordura batu eta mosaikoan parte hartzeko. Kartulina moreak hartu dituzte aurrena, eta mosaikoa egin dute ondoren. Martxoaren 8ari keinu eginda, M8 eta emakumeen ikurra irudikatu dituzte kartulina moreekin. Txalo zaparradarekin hautsi da isiltasuna, eta emakume batek bota duen irrintziak emozioz jantzi du plaza. Haren ostean iritsi dira herriko beste bi emakumek botatako irrintziak.
Mosaikoaren ostean, gutun bana irakurri dute hiru lagunek kioskotik, emakume langile ezberdinen rolean jarrita. Jarraian, mugimendu feministako kideek gaurko egunaren harira egindako irakurketa plazaratu dute. "Sistema kapitalista honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du. Hori ez ezik, feminizatutako ogibideak zein bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak ezkuntatzen eta gutxiesten ditu", adierazi du Azpeitiko mugimendu feministak. Ogibide horietan kokatu dituzte hazkuntzari, heziketari, biziraupenerako nekazaritzari, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretari eta euskarri afektiboari dagozkion lanak. Gainera, "sistema honek" emakumeen enpleguak "ezberdin" baloratzen dituela salatu eta horrek eraginak dituela azpimarratu dute: "Sistemak gure enpleguak ez ditu modu beren baloratzen, eta ondorioz gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu".
Ondoren, mobilizazioaren antolatzaileek prestatuta zuten hamaiketakoaz gozatzeko parada izan dute plaza hartu duten emakumeek. Bazkari autogestionatuarekin amaitu dituzte eguerdirako antolatutako ekintzak. Arratsaldean jarraituko dute prestatutako egitarauarekin.
Basanderiek gazte asanblada feministako kideak "hunkituta" agertu dira gaurko antolatutako aurreneko hitzorduak izan duen erantzunarekin: "Ez genuen horrenbeste jende espero. Ederra izan da horrenbeste emakume elkartu direla ikustea, beren eskubideak aldarrikatzeko. Une batez plaza emakumeena bihurtu da, eta horrek hunkitu gaitu". Antolatzaileek adierazi dutenez, "dena ezin hobeto irten da".
Argazki bilduma, hemen.
Egitarau bateratua
Martxoaren 8ra eta 9ra begira, egitarau bateratua prestatu dute Azpeitiko mugimendu feminista osatzen duten eragileek eta norbanakoek. Honako hau da egitaraua, osorik:
Martxoak 8, osteguna:
12:00etan, mosaikoa eta luntxa, plazan.
17:00etan, transexualitateaz hitzaldia, Emakumeen Txokoan.
18:30ean, elkarretaratzea, plazan.
19:00etan, Donostiako mobilizaziora joateko autobusa.
Martxoak 9, ostirala:
17:00etan, Gizonak eta feminismoa hitzaldia, Gaztetxean.
20:30ean, jantoki begetarianoa, Gaztetxean.
Ondoren, Olor taldearen kontzertua.