Azpeitiko Udalak "gogor" salatu du herrian jazotako eraso matxista

Julene Frantzesena 2021ko abu. 17a, 09:12

Udaletxearen kanpoaldea.

Erakundeak babesa agertu dio erasoa jasan zuen emakumeari, eta elkartasuna adierazi die haren senideei eta gertukoei. Gainera, "egoerari aurre egiteko beharrezko baliabide guztiak" emakumearen nahiz haren gertukoen eskura jarri dituela jakinarazi du udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzionala kaleratu du, eta bat egin du udalaren adierazpenarekin. Itaiak elkarretaratzea deitu du arratsalderako (19:00), eta deialdiarekin bat egin du Basanderiek talde feministak.

Azpeitiko Udalak "gogor" salatu du igande arratsaldean herrian jazotako eraso matxista. Erakundeak babesa agertu dio erasoa jasan zuen emakumeari, eta elkartasuna adierazi die haren senideei eta gertukoei. Gainera, "egoerari aurre egiteko beharrezko baliabide guztiak" emakumearen nahiz haren gertukoen eskura jarri dituela jakinarazi du udalak.

Erakundearen arabera, indarkeria matxista "arazo benetan larria" da gizartean. Gainera, erakundeak esan duenez, ez du "inolako" giza eskubideen urraketarik onartzen, "ez Azpeitian, ez beste inon", eta esan du urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea "herritarren ardura" dela. Horri lotuta, erasoren batekin ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara deitzeko aukera dutela gogorarazi die herritarrei. Udalak azaldu duenez, erakundeak berdintasuna lantzen jarraituko du hezkidetza programen bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzionala kaleratu du, eta igandeko eraso matxista irmoki gaitzetsi du. Gainera, erasoaren biktimari "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi dizkio aldundiak, baita haren senideei eta hurbilekoei ere. Horrez gain, erakundeak azaldu du Azpeitiko Udalak kaleratutako adierazpenarekin bat egiten duela.

Halako gertakarien jatorria "gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasuna" dela azaldu du foru erakundeak; "emakumeak kontrolpean eta mendean eduki nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak, hain zuzen". Gauzak horrela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldarrikapena egin du Aldundiak: "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, osotasun fisikoa eta askatasuna errespetatzea eskubide bortxaezinak dira, eta eskubide horiek urratzen dituzten jokabideak ez dute lekurik gure gizartean".

Elkarretaratzea, plazan

Gertaera salatzeko eta erasotutako emakumeari babesa agertzeko elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Itaiak gaur arratsalderako. Plazan jarri dute hitzordua, 19:00etarako, eta Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean gauzatuko dute kontzentrazioa. Itaiaren deialdiarekin bat egin du Basanderiek talde feministak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide