Buru eritasunak

Buru osasuna zaintzea, denon zeregina

Mireia Galarza Bastida 2023ko urt. 13a, 11:00

Osasun mentalaren gaia denen ahotan dabil bolo-bolo azkenaldian, baina horren inguruan lana egiten dutenek ez dute nabari aldaketa nabarmenik. Erreportaje honetan buru eritasunen inguruan lanean dihardutenei ahotsa emateaz gain, horiek sufritzen dituzten hainbat lagun elkartu nahi izan ditu Urolako Komunikazio taldeak, errealitatea bistaratzeko eta jendea kontzientziatzeko. UKTren urtarrileko tokiko aldizkarietan argitaratutako GUKA gehigarriko edukia da erreportajea.

Besoa hautsita medikuarengana joan behar dela ez du inork zalantzan jartzen, ezta behatzean ebaki handi bat eginez gero laguntza eskatu behar dela ere. Zer gertatzen da sentitzen den horrek, askotan, ez badu min fisikorik eragiten? Noiz jakiten du pertsona batek ez dagoela ondo? Eta noiz hasi behar du laguntza eske? Zailtasuna areagotu egiten da gizartean ez bada errealitate horri buruz naturaltasunez hitz egiten. Baina hor daude, beti egon dira inguruan eritasun mentalak, eta Osakidetzak urtero kaleratzen duen memorian garbi ikus daiteke artatutako pazienteen kopurua goraka doala.

Datuekin hasi aurretik, kokatzeko: zerri buruz hitz egiten da 'buruko gaixotasunak' esatean? Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) emandako definizioaren arabera, buruko gaixotasunen ezaugarri nagusia da "asaldura klinikoki esanguratsua gertatzea kognizioan, emozioen erregulazioan edo gizabanakoaren portaeran". Oro har, "beste arlo garrantzitsu batzuetan larritasun edo ezgaitasun funtzionalari lotuta" dagoela ere zehazten du OMEk.

Azken datuen arabera, 2019. urtean 96.836 pertsona artatu zituzten Osakidetzako Gaixotasun Mentalaren sarean, eta 2018an, 92.628 izan ziren. Lupa zabalduz gero, 2015etik 2019ra, %5,2 igo da zerbitzu horiek jaso dituzten herritarren kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrez gain, osasu mentalari lotutako milioi bat kontsulta baino gehiago jaso zituen Osakidetzak 2019an. Sistema publikoak ez dio, baina, eskari osoari erantzuna ematen, eta asko dira psikologo nahiz psikiatra zerbitzu pribatuetara joaten diren herritarrak ere.

Zerbitzu hori eskaintzen duen psikologoa da Irune Aranguren zumaiarra. Zarautzen du kontsulta, Pausa psikologia zentroan. Hark adierazi duenez, taldean dauden lau psikologoek duten eskaera "geroz eta handiagoa" da, eta egun, otsailera bitarteko itxaron zerrenda dute. Maria Gil azkoitiarra, berriz, psikiatra da, eta eta Arabako Osasun Mentaleko Sarean egiten du lan, haur eta gazteentzako psikiatria unitateko kontsultetan. Azkoitiarrak ere azaldu du azkenengo bi urte eta erdian "ikaragarri" igo dela kontsulta eskaeren kopurua, baina hark salatu duenez, horren aurrean ez dira baliabide nahikoa jarri. Gilek azaldu du "presio izugarria" nabari dutela kontsultetan, eta horrek eragin zuzena duela pazienteengan ere. "Hitzorduak tarte handiarekin ematen ditugu, denbora gutxi eskaintzen diogu gaixo bakoitzari, eta horrela ezin da lana ondo egin", adierazi du. Arangurenen arabera, sare publikoan hartu ezin dituzten pazienteak kontsulta pribatuetara bideratzen ere hasi dira Osakidetzako psikologoak. "Proposamena egiten diete pazienteei, baina kontuan hartu behar da denek ezin dituztela kontsulta pribatuak ordaindu", gehitu du.

Arangurenen eta Gilen arabera, ez dira nahikoa baliabide jarri egoerari aurre egiteko

Biak bat datoz arazoa "estrukturala" dela esatean, eta adierazi dute hainbat patologia psikologoen bidez landu daitezkeela, "okerrera joan aurretik". Hala eta guztiz ere, Arangurenek dio "epe luzeko helburua" dela hori, eta "errazagoa" dela askotan "medikazioaren bitartez partxe txikiak" jartzea. Beraz, zera ondorioztatu dute: "Hainbat lekutan beste bide batzuk jorratzeko interesik ez dagoelako izango da".

Txarra, ezkutatu

Arazoa, baina, errotik datorrela adierazi dute biek, emozioak modu egokian kudeatzeko ezintasunetik, alegia. "Orain hasi dira emozioen gaia lantzen txikienekin, baina ez da nahikoa", azaldu dute. Gilen hitzetan, emozioen tailerrak aukera "aparta" dira gaian sakontzen hasteko, baina ez umeekin bakarrik, helduen hainbat esparrutan ere bai. Izan ere, Arangurenen hitzetan, unibertsitate ikasketa askotan falta da emozionaltasunaz hitz egiteko tarte bat, eta haren hitzetan, oro har, "bizipen traumatiko bat" izatean jabetzen dira herritarrak osasun mentalaren garrantziaz. Gilek adibide bat jarri du hori hobeto ulertzeko: "Ume bat ez da jaiotzen zebrabidea nola igaro behar duen ikasita. Hasieran, heldu batekin igaroko du, eta gero bakarrik. Ondoren, eskolatik etxera bakarrik itzultzen utziko diote gurasoek, eta azkenik, etxeko giltzak jasoko ditu. Gauza bera gertatzen da emozioekin; pixkanaka-pixkanaka ikasi behar dugu horiek kudeatzen, eta emozio guztiak kontuan hartu".

OMEren arabera, mundu osoko biztanleriaren %46ren egoera psikologikoak okerrera egin zuen pandemian zehar

Izan ere, Arangurenek dioenez, gizakiek ez dute gaitasunik aurrekoa triste edo haserre dagoenean emozio horiek balioztatzeko. "Askoz ere errazago konektatzen dugu emozio positiboekin, eta askotan kostatu egiten zaigu gaizki gaudela esatea. Niri kontsultan esan izan didate: 'Ez dut nire laguna agobiatu nahi, ez ditut nire gurasoak kezkatu nahi...'. Horren aurrean, emozio guztiak "erabilgarriak eta baliogarriak" direla azpimarratu nahi izan dute bi profesionalek.

Emozioak kudeatzeko trebetasun ezari gizartearen "erritmo azkarra" gehitu behar zaio, Gilen eta Arangurenen arabera. Dena azkar behar izateak edo itxaroterik ez edukitzeak "tolerazio arazoak" sortzen dituztela azaldu dute, baita "autoexigentzia eta lehiakortasun handia" eragin ere.

Estigma apurtuta?

Azkoitiko psikiatrak garbi utzi du: "Osasun mentala modan dago, eta ahoa betetzen zaigu horren garrantzia azpimarratzerakoan". Hark azaldu duenez, estigmak gure artean jarraitzen du, baina hala eta guztiz, "egoera aldatzen" ari dela sinesten du. Arangurenek ere iritzi bera du, eta "pozik" azaldu da hori gertatzen ari delako: "Kontsultan lehen iristen ez ziren pazienteen profilak ditugu orain, eta hori beti da positiboa".

Irune Aranguren psikologoa bere kontsultan. (Mireia Galarza Bastida)

Hedabideak eta erreferenteak ere aipatu dituzte. Izan ere, bi osasun langileen arabera, sare sozialetan nahiz telebistan agertzen diren erreferenteak osasun mentalaz hitz egiten ikustean, "normalizatu" egiten da osasun mentalaren gaia. "Antsietatea asko aipatzen da sare sozialetan, eta horixe bera da gure kontsultan asko ikusten dugun patologietako bat", dio Arangurenek. 

Izatez, antsietatea "funtzionala" dela dio psikologoak, "beharrezkoa egoera konkretu batzuei aurre egiteko", baina kasu horietan "adaptatiboa ez" dela eta "egunerokoa baldintzatzera" iristen dela azaldu du. Gilek ere bere iritzia eman du: "Elikadura nahasmenduak ere izugarri igo dira, irudiak geroz eta garrantzi handiagoa duelako sare sozialetan. Horietan dena perfektua dela uste baldin badugu, geure buruari gauza bera eskatuko diogu".

Gehiegizko antsietateaz gain, bestelako gaixotasunak ere aipatu dituzte bi profesionalek. Gilek, bere aldetik, honako hauek aipatu ditu: koadro psikotikoak, autismoa, garapen arazoak, nahasmen afektiboak, imsomnioa... Arangurenek, berriz, gazte asko "galduta" sentitzen direla azpimarratu du. Haren hitzetan, gaur egun gazteek duten eskaintza "ikaragarria" da, eta asko "gidatuak izateko beharra" dutelako joaten dira bere kontsultara, "beren egunerokoan zer diren zehazteko".

Pandemia, eztandarako azken pieza

Eta zer gertatzen da amesgaiztoaren erdian pandemia iristen bada? Edo are okerrago, itxialdiak koadro psikologiko horiek areagotzen baldin baditu? Ukaezina da COVID-19ak eragin fisikoak izan dituela herritar askorengan, baina badira pandemiak sortuko bestelako errealitateak ere. Aislamentuak, harreman sozialen galerak edo ohitura aldaketak ez dira oharkabean igaro gizartean, eta horrek eragina izan du datuetan.

OMEren arabera, mundu osoko biztanleriaren %46ren egoera psikologikoak okerrera egin zuen pandemian zehar, eta biztanleriaren %6k osasun mentaleko profesional batengana jo du sintomaren bat pairatu duelako, gehienbat depresioarekin eta antsietatearekin lotuta. Ikerketa berak dio zerbitzu horiek jaso dituzten emakumezkoak gizonezkoak baino bi aldiz gehiago direla.

Gilek eta Arangurenek azaldu dutenez, nerabeen psikologia nahiz psikiatria zerbitzuen eskaria izugarri igo da beren inguruan. Azkoitiarrak azaldu duenez, pandemiak asko baldintzatu dizkie azken urteak adin tarte hori dutenei. "Nerabezareoan hasten gara familiaz harago dauden beste pertsona batzuekin gure identitatea finkatzen. Pandemiak, ordea, fase hori zapuztu egin die gazte askori, eta horrek arazoak ekarri ditu gerora, bizitzako fase natural bat oztopatu baitu".

Hala ere, Arangurenen iritziz, pandemiak ez ditu arazo gehiago sortu kasu gehienetan, zeuden arazoak "areagotu" baizik, eta lehertu egin da puxika orain: "Kontuan hartu behar dugu sozialki asko sendatzen garela, eta hori kendu diguten momentuan ez dago ihesbiderik". Gilen arabera, asko hitz egin da osasun mentalaren olatuaz, eta adierazi du profesionalek olatua orain nabari badute ere, gehiago nabarituko dutela hurrengo urteetan.

Horren aurrean, Arangurenek azaldu du "norberaren esku" dagoela etorkizuna. Haren hitzetan, bakoitzak ikusi behar du ezinegonak nola landu nahi dituen. Eta zera gehitu du: "Norbera sendatzen baldin bada, inguruarekin harreman egokiagoa izango du, eta horrela gizarte osasuntsuagoa lortzeko bidean egongo gara". Gil ere baikor agertu da etorkizunera begira jarrita, baina hark adierazi duenez, faktore askok baldintzatuko dute osasun mentalaren etorkizuna. Horregatik, "sare handiagoaren aldeko defentsa" egin dute Arangurenek eta Gilek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide