Sansebastianak 2023

Azpeitiarrak atabalak astintzeko prest

Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 11:52

Ollagorra taldeko kideak danborradan.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, 1.500 herritar baino gehiago elkartuko ditu San Sebastian bezperako helduen danborradak. Eguraldi txarra eginda ere, talde guztiek egingo dute ibilbidea, 22:00etan hasita.

Ordu batzuk baino ez dira falta sansebastianak hasteko, eta dena prest dago herrian urteko aurreneko festa handia behar bezala ospatzeko. Festa giroa eta danbor hotsak nagusituko dira Azpeitian bi egunez. Inoiz baino ozenago entzungo dira danborrak eta barrikak aurtengoan; izan ere, bi urteko etenaldiaren ondoren, festak ospatzeko gogoz daude azpeitiarrak.

Eguraldi iragarpen kaskarra egin dute gaur gauerako ere, baina hori ez da jaia egiteko oztopo izango. Izan ere, atzoko entseguaren ondoren egin zuten bilera danbor taldeetako zuzendariek eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, eta haiek berretsi zuten –duela urte batzuk hartu zuten erabakia–, egiten duen eguraldia egiten duela, danborrada 22:00etan atera egingo dela. Dena den, eguraldiaren arabera, danborradaren bukaerako plazako errepertorioa moztu edo ez, unean bertan erabakiko dute danbor taldeetako eta udaleko ordezkariek.

2020ko edizioan bezala, helduen danborradaren desfilea Olazko Andre Mariaren plazaren ondotik abiatuko da, 22:00etan, eta parte hartuko duten 30 taldeak honako hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean: Oñatzbideko gastadoreak (1), Irrintzi (2), Txalintxo (3), Arauntza (4), Sanjuandegi (5), Izarraitz Txoko (6), Zokoa (7), Basazabal (8), Ziripot (9), Landeta Egizale (10), Alkartasuna (11), Ollagorra (12), Loiolabide Zahar (13), Zulozabal (14), Loiolatxo (15), Itsasi (16), Harkaitza (17), Etxera (18), Arrantzaleak (19), Gure Ametsa (20), Ardozaleak (21), Iraurgi Saskibaloia (22), Mendizaleak (23), Barratsu (24), Zezenzaleak (25), Barrenetxea (26), Ilunpe (27), Inpernue (28), Izarraitzpe (29) eta Oilo-Soro (30). Guztira, 1.500 herritar baino gehiagok parte hartuko dute desfilean, 30 taldetan banatuta.

Goikokalen eta plazan behera, Done Jakue kaletik iritsiko dira taldeak parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta bi toki horietan kokatuta joko dute aurreneko aldiz San Sebastian martxa. Gaueko lehen geldialdiaren ondotik, Elizkalea eta Enparan kalea pasatu eta Perez Arregitik Erdikalean gora igoko dira plazaraino. Talde guztiak plazan direla eta gauerdiko kanpaiekin batera igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian.

Honako hauek dira taldeek parrokia atarian eta Perez Arregi plazan egingo duten geldialdiko kokapenen mapa:

Honako hau, berriz, gauerdirako taldeak plazan kokatuko diren moduaren mapa:

Omenaldia

Jarraian iritsiko da gaueko unerik berezienetako bat. Ardozaleak taldeak 50. urteurrena bete zuen pandemia garaian, eta azken urteetan danborradarik egin ez denez, aurten jasoko du omenaldia udaletxean. "50 urte baino gehiago bete ditu taldeak dagoeneko, pandemia dela eta atzeratu egin baita ospakizuna, baina polita izango da omenaldia jasotzea. Gauza handia da horrenbeste urtez festan parte hartzea, eta taldekide guztiok oso gustura gaude. Ondo pasatzea da aurtengo asmo bakarra. Beti helburu horrekin ateratzen garen arren, aurten ospakizunetarako arrazoi gehiago ditugu", azaldu du Ardozaleak taldeko Juan Jose Azpeitiak.

Aurtengo berrikuntzetako bat omenaldiaren ondoren izango da. Izan ere, gauerdiaren ondoren plazan joko diren abesti guztien artean, lehenbizikoz entzun ahal izango da Pantxoa eta Peio taldearen Batasuna pieza. Hainbat urtez kanta hori jotzea proposamenen artean izan ondoren, aurten entzun ahal izango da aurreneko aldiz plazan. Unai Frantsesena Udal Musika Bandaren zuzendariak egin ditu kantaren moldaketak, eta danborrekin zein barrikekin joko dute doinu berria.

UKTk zuzenean

San Sebastian bezperako helduen danborradaren zuzeneko emankizuna egingo dute Urolako Komunikazio Taldeko hedabide diren Uztarriak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak. Saioa 21:30 aldera hasiko da, eta Mireia Galarza eta Koldo Aldalur kazetari azpeitiarrek gidatuko dute.

Bi aurkezleekin hizketan izango da hainbat gonbidatu berezi; besteak beste, zuzeneko saioan parte hartuko dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak nahiz Aitor Exposito umeen danborradako karrozaren diseinatzaileak. Danborrada zuzenean jarraitzeaz gain, erreportajeak ikusteko aukera izango dute ikusleek.

Datuak

  • 30 taldek parte hartuko dute San Sebastian bezperako danborradan; guztira, 1.500 herritar elkartuko dira.
  • 22:00etan irtengo da helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plazatik.
  • Ardozaleak taldeak 50. urtemugako oroigarria jasoko du.
  • Pieza berri bat joko dute estreinakoz helduen danbor festan.
Erlazionatuak

Urteko jairik ederrena

Mane Garcia (Sanjuandegi taldeko zuzendaria) 2023 urt 19 Azpeitia

Ondo pasatu!

Itziar Agirre (Julian Barrenetxea taldeko kidea) 2023 urt 19 Azpeitia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide