Guka gara!

Guka aurkeztu du Urolako Komunikazio Taldeak

Erredakzioa 2024ko mai. 20a, 15:10

Gorka Zabaleta UKT-ko zuzendari nagusia, Basazabalen, Gukaren aurkezpen ekitaldi instituzionalean. (Guka)

Urolako Komunikazio Taldeak Azpeitian aurkeztu du Guka, Basazabal jauregian egindako ekitaldian. Erakundeei zuzendutako ekitaldia izan da, eta guztira, 70 lagunetik gora bertaratu dira. Aurkezpenean azaldu moduan, hiru hanka izango ditu Guka estrategiak: marka eraldaketa, eskaintza berria, eta kidetzeko formula berria.

Basazabal jauregian elkartu gara gure lurraldeko ordezkariei Urolako Komunikazio Taldearen Guka marka bateratua aurkezteko. Duela bost urte sortu genuen Urolako Komunikazio Taldea kooperatiba, komunikazioaren digitalizazioari osotasunean erantzun ahal izateko eta txikien arteko indarrak batzeko. Izan ere, orain Guka izango dena, euskarri ezberdinetako hainbat hedabidek osatzen zuten orain arte: Azpeitiko Uztarriak, Azkoitiko Maxixatzenek, Zumaiako Baleikek, Zarauzko Hitzak, Orio nahiz Aiako Karkarak, Urola Kostako Hitzak eta Erlo Telebistak. Bost urte hauetan egitura bakarrean funtzionatu dugu eta bost erredakziotan banatuta bagaude ere, lantalde bakarra da gurea. Orain, hurrengo pausoa emateko momentua iritsi zaigu: Guka aurkeztekoa.

Mireia Galarza UKTko kazetariak egin ditu aurkezle lanak, eta lehen-lehenik, erakunde publikoetako ordezkariei eman die hitz egiteko aukera. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartu du hitza, eta, besteak beste, tokiko hedabideek duten garrantziaz hitz egin du. Ondoren, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendariaren txanda zen, baina hark, azken orduko bat tarteko, ezin izan du bertaratu. Azkenik, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako saileko Euskara Sustatzeko zuzendariak hitz egin du.

Jarraian, ikus-entzunezko bat proiektatu dugu, orain arte kooperatibak egin duen bidea azaltzeko.

Horren ostean, UKTko langileek Guka estrategiaren gaineko azalpenak eman dituzte.

Marka bateratzea

Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiak marka bateratzeari buruz jardun du:

"Bideoan ikusi dugu gure herrietan eta eskualde mailan ibilbide luzea egindako sei hedabidek sortu zutela UKT duela bost urte. Sustrai sakonez errotutako hedabideak, guztiak ere, baina aurrera indarrez egiteko hainbat ezintasunekin. Bost urte hauetan lan handia egin dugu etxe barrura begira, erakunde berri bat antolatu dugu, misio, ikuskera, estrategia, lantalde, lan prozesu, aurrekontu bakarrarekin. Orain, sei erakunde zeuden lekuan etxe handiago bat daukagu.

Noski, sei hedabide haietatik jasotako ondarea ahalik eta ondoen kudeatzen saiatu gara: herrikako hedabideak mantendu eta hobetu ditugu. Baina UKT ez genuen sortu soilik jasotako hori hobeto kudeatzeko. UKT sortu genuen gure herritarrei ahalik eta tokiko kazetaritza onena eskaini ahal izateko, garaiari egokituz, eskaintza berrituz eta eraldatuz. Horregatik, ondare horren muinari uko egin gabe, aurrera begira jarriko gaituen estrategia berri bat behar genuen, hiru hanka dituena: marka eraldaketa, eskaintza berritzea eta kidetzeko formula berria.

Marka estrategiari dagokionez, hiru korapilo askatu nahi izan ditugu. Batetik, gure marka estrategia egoera berrira egokitzeko: orain erakunde bat gara, beraz, izaera hori hobeto adieraziko duen marka estrategia bat behar dugu. Horrek indar handiagoz proiektatzen gaitu gure gizartera, orain ulertzen da bat garela. Aurrera begirako bidea argitzen digu: Egungoa ordenatzeaz gain, aurrera begirako marka estrategia bat marrazten du. Bestela, nola jokatu produktu edo kanal berri bat sortu behar dugun aldiro? Zazpi app sortu behar ditugu? Zazpi kontu sare sozial bakoitzeko?

Baina zer da Guka? Marka berri batekin asmatzea ez da erraza, are zailagoa aurrekoen itzala hain luzea denean. Herri guztiak ordezkatuko dituen erreferentzia geografikorik ez dugu topatu; are gehiago, eskualde bat garen, bi garen edo zer garen ez daukagu garbi... Beraz, batzen gaituenari begiratu diogu gehiago: euskara, komunitatea, tokiko kazetaritza, elkarlana, sarea... Azken finean gure herrietatik sortutako komunikazio taldea gara, gure komunitateaz jarduten dugu, gure begiekin, gure erara, gure hizkuntzatik: Guka gara.

UKTk argitaratzen dituen hedabide guztiek Guka marka hartuko dute. Marka bat baina, aldi berean, herrikako hedabideei eutsiz. Nola? Urola Kostako Hitza egunkaria, Guka egunkaria izango da aurrerantzean. Erlo Telebista, Guka Telebista izango da. Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneak Guka.eus webgunean batuko ditugu. Herrietako lau aldizkari eta webguneek: herria+Guka marka hartuko dute. Esate baterako, Azpeitia Guka / azpeitiaguka.eus, orioguka.eus; zumaiaguka.eus, azkoitiaguka.eus, zarautzguka.eus... Produktu berriek Guka marka hartuko dute: adibidez, Guka aplikazioak. Beraz, zazpi marka kudeatzetik, produktu eta herriei egokitutako marka bakarrera pasatuko gara.

Guka eskaintza berria

Ondoren, Ihintza Elustondo UKTko erredakzioko zuzendaritzako kideak Guka eskaintza berria azaldu du:

Guka marka kaleratzearekin batera, Guka hedabideetako eskaintza berritu dugu.

  • Guka telebista  

Era berean, Erlo telebista, Guka telebista da orain. Duela pare bat hilabetetik hona HD-n emititzen hasi gara telebistan, eta eskualdeko antenen seinaleak zuzentzeko lanetan ari gara, gero eta herritar gehiagok beren etxeetan gure telebista sintonizatu ahal izateko. Dagoeneko azpiegitura prestatu dugu Aizarnazabalera, Zestoara eta Zumaiara eramateko seinalea.

Platoa egokitzen ere ari gara, aurki telebistarako saio berriak presatzeko.

  • Herrietako webguneetan telebistaren atala 

Gukak sarean ere bere atari digitala du, Guka.eus webgunea, hain zuzen. Bertan, Urola kostako albisteak argitaratzen jarraituko dugu orain artean bezala, baina ikus-entzunezko edukiei tarte berezia eskaini nahi diegu. Albisteak jasotzeko edo erreportaje bereziak lantzeko, ikus-entzunezko eduki gehiago ekoiztea da Gukaren erronka nagusietako bat.

Baina ikus-entzuneko eduki horiek ez dira soilik Guka telebista edo Guka.eus atarirako bakarrik; hemendik aurrera, Guka osatzen duten tokiko hedabideek beren atari digitaletan ere,  telebista izango dute.  Horretarako, /telebista idatzi beharko da, atari bakoitzaren domeinuaren atzean. Adibidez, AzpeitiaGuka.eus/telebista idatzita, telebistako eduki guztiak agertuko dira.

  • Gukasteka, Zarauzko Agerkari Digitala  

Zarautz eta zarauztarrak ardatz izango dituen astekari digitala izango da Gukasteka. Zarautzen papereko aldizkaririk ez dugu, eta hutsune hori betetzea helburu duen produktua da. Papereko argitalpenak kontsumitzeko joera beherantz doala ikusita, euskarri digitala hobetsi dugu.

Gainera, formatu horrek paperak baino muga gutxiago ditu eta edukiak ikus-entzunezko formatuetan lantzeko aukera ematen digu, hala nola, bideoz egindako elkarrizketak eta erreportajeak.

Gukasteka astean behin bidaliko zaio harpidedunari boletin formatuan eta posta elektronikoz.

  • Asteburuko agendaren buletina  

Urola kostako herriek agenda oparoa dute urte guztian zehar. Horregatik, agendarekin ere lanketa berezi bat egin nahi izan dugu eta bada berrikuntza bat Guka eskaintzaren barruan. Batetik, aplikazioan eskualdeko agenda guztia jasoko dugu, une oro kontsultatu ahal izateko, eta, bestetik, buletin bat sortu dugu asteburuko agendarekin. Buletin ireki bat izango da, nahi duenak jaso ahalko du, eta, bertan, herrietako ekitaldi guztien zerrendaz gain, eskualdeko kultura proposamen nagusiak jasoko ditugu.

  • Guka Whatsapp kanala  

Eta, azkenik, dagoeneko hedabide askok duten antzera, Guka whatsapp kanala sortzera goaz. Whatsapp kanala edonork jarraitu ahal izango du, eta bertan, egunak utzitako albiste nagusiak jasoko dira edo hurrengo egunak emango duena iragarriko da. Edozein gailu edo kanal erabilita, gure erabiltzaileak tokiko kazetaritza kontsumitu ahal izan dezaten.

Neurri handi batean, Guka eskaintza esparru digitalera bideratu dugula nabarmena da. Eta ez da ohargabeko kontu bat izan. Gero eta gizarte digitalizatuago batean bizi gara, eta guk ere horrek eskaintzen dituen aukerak zukutzen hasi behar dugula uste dugu.

Tokikoak gara, herrikoak, eta horrelaxe izaten jarraitu nahi dugu, baina gure webguneetako audientzia datuek garbi adierazten digute erreferente nagusiak garela digitalean, eta merezi duela digitalean ahalegina biderkatzea.

Bazkidetza formula berria: harpidetza digitala

Segidan, Maitane Elduaien UKTko sustapen arduradunak bazkidetza formula berria azaldu du:

Gukakide Gukaren bazkidetza formula berria da.

Egungo erronkei aurre egin ahal izateko eta tokiko hedabide profesionalak izateko, herritarren eta eragileen babesa eta atxikimendua beharrezkoak ditugu.

Komunitate zabala eraikitzen jarraitu nahi dugu, gure alea jarri euskararen normalizaziorako bidean eta herrigintza sustatu ahal dugun neurrian.

Orain artean tokiko hedabide bakoitzak bere bazkidetza formula izan du. Neurri handi batean, gainera, papereko produktuei lotutako bazkidetzak izan dira; egunkariari edo herrietako aldizkariei lotutakoak.

Aurrerantzean, Guka hedabideak eta Guka proiektua bere osotasunean indartu nahi ditugu.

Gaurtik aurrera, UKTko tokiko hedabide bateko bazkide izan dena Gukakide izango da aurrerantzean. Papereko Gukakideak izango dira guztiak, etxean fisikoki jasotzen baitituzte gure argitalpenak. Baina Gukakide digitala izateko aukera ere izango da hemendik aurrera; argitalpenak sarean irakurri nahi dituenarentzat.

Hirugarren aukera Gukakide babeslearena da. Bazkidetza mota hau herriko saltoki eta tabernei bideratutako bazkidetza mota da.

Gukakideak orain arte bazkide den hedabidera lotuta jarraituko du. Norberak erabakiko du zein tokiko hedabidetako bazkide izan nahi duen, baina guztiak izango dira Gukakide eta guztiek Guka proiektua babestuko dute. Azken finean, Guka hedabide talde bat delako.

  • Gukakide txokoa 

Txokoa ere prestatu dugu Gukakideentzat, eta bertan jaso ditugu bazkideen abantaila guztiak. Berdin dio harpidetza motak eta berdin dio herriak, Gukakide guztiek herri ezberdinetako abantailez gozatu ahalko dutelako.

Herriko eragileekin eta bazkideekin komunitatea indartzen jarraitu nahi dugu eta, horretarako, elkarrekin egoteko espazioak sortu nahi ditugu. Izan Gukakide festak, izan Bazkide Egunak ala topaketak, ekintza ezberdinak antolatuz Guka kalera atera nahi dugu, herriko eragileekin elkarlanean.

  • Guka aplikazioa 

Bazkidetzekin oso lotuta dago, Gukaren beste berrikuntzetako bat: Guka aplikazioa. Azken ukituak ematen ari gara, eta laster izango da kalean.

Guka aplikazioa, bazkideei bideratutako tresna modura sortu dugu. Aplikazioak Guka hedabideetako eduki guztia jasoko du, eta norberak erabakiko du zein eduki kontsumitu nahi duen, herriaren eta gaiaren arabera filtratuz.

Hori edozein erabiltzailek egiteko aukera izango du, baina horrez gain, bazkideek beren atal propioa izango dute: beraien bazkidetza datuak, argitalpen digitalak, zozketak, lehiaketak, deskontu-sarea, etab. jasoko dira bertan.

Artikuluak gordetzeko aukera ere egongo da. Nabigatzen ari garela, gure interesekoa den eduki bat topatzen badugu, gorde eta tartea dugunean irakurtzeko aukera ematen du.

  • Aterpe, merkatarien txokoa 

Marketinetik prestatu dugun beste berrikuntza bat, Aterpe da. Aterpe merkatarien txokoa da, eta tokiko merkataritza eta ostalaritzaren erakusleiho digitala bihurtzea du helburu.

Orain arte tokiko gidak izan ditugu, herrian herriko merkatarien zerrenda jasotzen zutena. Orain pauso bat gehiago eman nahi izan dugu. Eta, hemendik aurrera, negozio bakoitzak bere orrialde propioa izateaz gain, bere eskaintzak igo ahalko ditu nahi ahala.

Gukakide festak

Datozen asteetan, herri ezberdinetan, Gukakide festak antolatzen ari gara, Guka festa giroan aurkezteko. Bertara gonbidatu nahi ditugu gure komunitateko parte diren bazkide, kolaboratzaile, herriko eragile eta, nola ez, herritar guztiak.

Herriko eragile ezberdinek lagunduta ari gara antolatzen Gukakide festak eta festa hauek abiapuntua izatea besterik ez dugu nahi. Guka kalera atera nahi dugu, herriko eragileekin eskutik joan eta herriko ekintzetan parte hartu, eragile ezberdinekin elkarlanean aritu.

Lehenengoa, ostiral honetan egingo dugu Azpeitian, Azoka Plazan. Maiatzaren 31n Zarautzen, udaletxeko plazan. Azkoitian, ekainaren 7an egingo dugu Pilotari Egunekoekin elkarlanean. Ekainaren 14an Orioko plazan izango da festa eta, aurtengo azkeneko Gukakide festa Zumaian egingo dugu ekainaren 15ean.

Festa bakoitzak bere egitaraua izango du. Adin tarte guztietarako festa izatea nahi dugu, Gukak izan dezakeen ongi etorri beroena jasotzeko herrian.

Erlazionatuak

Gukaren aurkezpen ekitaldia, bideoan

Guka Telebista mai 20 Azpeitia   Errezil

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide