Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Guka marka aurkeztu du gaur, astelehena, Azpeitiko Basazabal jauregian. Erakundeei zuzendutako ekitaldia egin du kooperatibak, eta 70 lagunetik gora elkartu dira. Mireia Galarza kazetariak zuzendu du aurkezpena, eta han esan duten moduan, hiru hanka izango ditu Guka estrategiak: marka eraldaketa, eskaintza berria eta kidetzeko formula berria. Erakunde publikoetako ordezkariek ere parte hartu dute gaurko ekitaldian, hala nola Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako saileko Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Haiek tokiko hedabideen lana eta horiek digitalizatzeko premiaz nabarmendu dituzte, besteak beste.
UKTko ordezkariek, bestalde, Guka estrategiaren gaineko azalpenak eman dituzte. Hurrenez hurren, Gorka Zabaleta zuzendari nagusiak marka bateratzeari buruz hitz egin du, Ihintza Elustondo erredakzioko zuzendaritzako kideak Guka eskaintza berria azaldu du eta Maitane Elduaien sustapen arduraduna bazkidetza formula berriaz aritu da.
Aurkezpen ekitaldiaren ondoren, talde argazkia egin dute Basazabalen bildu diren guztiek, eta segidan, mokadutxo batek lagunduta solasean aritu dira. Guka Telebistaren honako bideo honetan ikus daiteke gaur goizeko aurkezpen ekitaldiak eman duena.