Guka gara!

Herri osoarentzako festarekin aurkeztuko da Guka Azpeitian etzi

Intza Trula 2024ko mai. 22a, 11:30

UKTren lantaldea, Zumaiako Itzurunen. (Guka)

Umeei zuzendutako Gukakide ginkanaren ondoren, 19:30ean hasita, musika, bertsoak, ikus-entzunezkoak eta jan-edana ez dira faltako Azoka Plazan, Guka estrategia herriratzeko.

Guka aurkeztu zuen astelehenean Urolako Komunikazio Taldeak (UKT), erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk datozen asteetarako. Bost herritan prestatu dituzte jardueraz betetako egitarauak, eta Azpeitian izango da lehendabizikoa, etzi.

Ostiral honetan, Azoka Plazan egin du hitzordua UKTk azpeitiar guztiekin eta bertaratu nahi duen ororekin. 18:00etan, UKTk Txiki Txoko eta Iturri Txiki ludoteken laguntzarekin antolatutako Gukakide ginkana egingo dute Alde Zaharrean barrena. Gaztetxoak kazetari bihurtuko dira ordu batez, eta askotariko probak eta jarduerak gaindituz, Guka aldizkaria osatu beharko dute. LH 4 eta DBH 1 bitarteko ikasleei zuzendutako jarduera izango da, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Ginkana amaitzean, 19:30ean, Gukaren aurkezpen ekitaldia izango da Azoka Plazan, Mireia Galarza eta Ihintza Elustondo kazetariek zuzenduta. Ekaitz Martinezek adarra joko du bertan; Erniarraitzen eskutik, Joanes Azpillagak eta Suhar Gesalagak bertsotan jardungo dute, eta kale inkestaren ikus-entzunezkoa ere emango dute. Horrez aparte, elkarrizketak ere egingo dituzte. Eguna amaitzeko, 20:15ean, jan-edanerako txokoa eta photocall-a zabalduko dituzte. Halaber, bingo musikatua izango da, Ignacio Arakistainen eskutik.

Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian egingo dira hurrengo Gukakid festak, eta ekitaldiak herri horietan soilik egingo badituzte ere, eskualdeko herritar eta Guka markaz gehiago jakin nahi duen oro dago gonbidatuta Gukakide festetara.

Hona hemen, etziko Azpeitiko Gukakide festaren egitaraua:

  • 17:30. Gukakide ginkana haurrentzat, Alde Zaharreko kaleetan zehar.
  • 19:30. Gukaren aurkezpen ekitaldia, Azoka Plazan.
  • 20:15. Guneen irekiera: jan-edanerako postua, photocall-a eta bingo musikatua Azoka Plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide