Guztak marka saiakera egingo du bihar Aian

Gorka Eizagirre, Andoni Elduaien eta Andrea Zipitria 2024ko mai. 24a, 16:41

Joseba Ostolaza Harri Eskolako sei harri-jasotzailek marka saiakerak egingo dituzte bihar, Aiako probalekuan; Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna izango da protagonistetako bat. 18:00etan jarri dute hitzordua. Denak ere urduri, baina markak egiteko gogotsu agertu dira egunaren atarian.

Joseba Ostolaza Harri Eskolako sei harri-jasotzailek marka saiakerak egingo dituzte bihar, Aiako Probalekuan, 18:00etan hasita. Xiker Larrea Goikoetxe beasaindarrak, Xabier Aranburu Guzta eta Gari Garmendia Garmendia II.a idiazabaldarrek, Aroa Sanchez eta Udane Ostolaza oriotarrek eta aurkezpenean izan ez zen Estefania Etxebeste Estefi iturendarrak egingo dituzte marka ahaleginak. 

Goikoetxe 200 kiloko errektangularra jasotzen saiatuko da; Guzta 237 kilo eta erdiko errektangularrarekin arituko da; Garmendiak II.ak 215 kiloko harri errektangular zaharra erabiliko du. Sanchez 135 kiloko harriarekin saiatuko da, eta lana egitea lortzen badu, kilo gehien altxa dituen bigarren emakumezkoa bilakatuko da. Ostolazak, berriz, orain arte emakumezkoetan egin ez den errekorra hautsi nahi du, bere pisu bikoitza altxatzen ahaleginduta. Estefi, azkenik, 100 kiloko zilindro zaharrarekin ahalik eta jasoaldi gehien egiten saiatuko da. Erreferentzia Karmele Gisasolarena da; izan ere mallabiarrak sei jasoaldi egin zizkion 100 kiloko zilindro zaharrari bost minutuan. Estefi iturendarrak bi minutuan hobetu nahi du lana. 

Hain zuzen, harri jasotzaile bakoitzak hiru minutuko txandak izango ditu bere lana egiteko. Denak ere urduri, baina markak egiteko gogotsu agertu dira egunaren atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide