LGTBI Harrotasunaren eta Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Emakume Txokoak. Joan den ostiralean LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak eta bizipenak biltzen dituen Oihu bat isiltasunean liburuxka eta ekintza plaza aurkeztu zituzten Eihera kooperatibakoek Sanagustin kulturgunean. Gaurko eta biharko beste bi hitzordu prestatu dituzte.
Zinegoak film laburren emanaldia izango da gaur, asteartea, 19:00etan, Soreasu antzokian. Emango dituzten filmak honakoak izango dira: Mating, Dena asmatuta dago, Analog Z Love, Precoz, Flores de otro patio eta La tentacion de Panda Roux. Gainera, Alex Agirre Precoz film laburraren zuzendariarekin solasaldia izango da.
Bihar, asteazkena, berriz, Trans errealitateak. Hango eta hemengo bizipenak ezagutzen mahai ingurua izango da, 18:00etan, Basazabal jauregian. Eder Iturralde eta Fernanda Falcao ariko dira hizlari.