Gutuna

Txorikumeak kantari

Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' 2024ko eka. 26a, 10:30

Uztaro haur eskolako kideek duela bi urte jaso zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoen eskutik txorien habia kutxa, eta orain jakinarazi dute txoriek familia handitu dutela gereziondo zuhaitz baten azpian. Honako hau Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak Azpeitia Gukara bidalitako gutuna da.

Badira bi urte Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean gorpuztutako ekimenez, Uztaro haur eskolari txorien habia kutxa oparitu ziola. Uda esnatzearekin batera poz pozik gaude bai sudurgorriak, bai Uztaroko haurrak, familiak eta langileak habia kutxan txoriek sortu duten habian txoritxo jaioberriak kantari ari direla entzunda. 

Orain dela hiru urte pailazoek haur eskolari oparitu eta sendo hazten ari den gereziondoaren ondoan jaio dira txori txikiak. Datorren irailaren 15ean Ez gara jaitsiko! ikuskizuna eskainiko dute Katxiporretako pailazoek Azpeitiko Soreasun, eta oraingoan Iratiko basotik Amazoniarainoko bidaia egitera gonbidatuko ditugu ikus-entzuleak. Aurten, pago landarea utziko dugu Azpeitian oparitan, euskarak eta gure kulturak, zuhaitzek eta basoek bezala, lur bat behar dutelako sustraitzeko.

(Irudiak: Katxiporreta)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide