Palestinaren alde eta genozidioaren eta xenofobiaren kontra elkartuta

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 5a, 20:26

Beste ostiral arratsalde batez protesta egiteko zein elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek Sanjuandegiko biribilgunean, Elkar-ekinek deituta. Gaurkoan, gainera, aurreko asteburuan agertutako mezu xenofobo eta islamofoboak ere salatu dituzte. Udalak, bere aldetik, Palestinako bandera jarri du gaur udaletxeko balkoian.

Israel Gazan egiten ari den azken sarraskia luzatu ahala nahi baino gehiagotan errepikatzen ari den irudia erakutsi du gaur ere Sanjuandegiko biribilguneak. Elkar-ekinek deituta, hainbat herritar elkartu dira han 18:30etik 19:00etara.

Aurreko protestetan bezala, Palestinari elkartasuna adierazi, genozidioa gelditzeko eta Israelen kontrako boikota egiteko eskatu dute gaur ere biribilgunearen erdian jarri direnek. Baina gaur, gainera, aurreko asteburuan biribilgune bertatik oso gertu Palestinaren aldeko mezuekin margotutako muralean agertu ziren mezu xenofoboak eta islamofoboak ere salatu dituzte.

Udala, bat eginda

Azpeitiko Udalak ere keinu egin dio Elkar-ekinek gaurkorako deitutako protestari. Joan den asteartean udalbatzarrean onartutako mozioan "herriko eragileek Palestinako herriaren alde eginiko ekimenak babestea" erabaki zuen erakundeak; gaur, Palestinako bandera jarri dute udaletxeko balkoi nagusian.

(Argazkiak: Unax Larrañaga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide