Zabaldu dute Azpeitiko sagardo txapelketari buruzko argazki erakusketa

Nerea Uranga 2024ko uzt. 16a, 15:47

Santio egunez 50. aldia izango du Azpeitiko Sagardoaren Egunak eta txapelketak. Urtemuga berezi horri lotuta, argazki erakusketa zabaldu du Azpeitiko Argazki Elkarteak Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia herri sagardozalea da, eta horren lekuko da Sagardo Egunaren bueltan egiten den txapelketak 50. aldia beteko duela Santio egunean.

Urtemuga berezia kontuan hartuta, ekitaldi bereziak antolatu dituzte aurtengorako Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Ekintza horietako bat da gaur, asteartea, Sanagustin kulturgunean zabaldu duten argazki erakusketa. Azpeitiko Argazki Elkartekoek herrian urterik urte egindako sagardo txapelketetan ateratako argazkiak jarri ditu erakusgai. Uztailaren 26ra arte izango dira argazkiak ikusgai.

Argazki erakusketaz gainera, ostegunerako (uztailak 18) sagardoaren dastaketa edota kata antolatu dute, 19:00etan, Azoka Plazan. Bertan, sagardoaren ekoizpenaren dibertsifikazioa eta barietatea erakutsi nahi dute sagardogileek. Hala zortzi sagardo mota dastatzeko eta Elikaguneak prestatutako zazpi pintxo jateko aukera izango dute katara joaten direnek. 50 sarrera inguru jarri zituzten saltzen eta denak agortu dira dagoeneko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide