Uztailaren 1ean ireki zuen Zezenzale Batzordeak 2024ko saninazioetako zezenketetarako abonuak erosteko epea, eta orain sarrera solteak erosteko epea ireki du. Gaurtik aurrera eskuragarri egongo dira sarrerak Interneten nahiz zezen plazako leihatilan. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute leihatila. Zapatu eta jaiegun bezperetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara irekiko dute txarteldegia.
Zezenketetako txartelak ez ezik, uztailaren 27an 19:00etan egingo duten desenkajonamendurako sarrerak ere eskuragarri egongo dira. Uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta 2an izango dira San Inazio jaietako zezenketak. Aurtengoak, "azken hogei urteotako zezenketen jaialdi onena" izango dela iragarri zuten antolatzaileek. Sarreren prezioa eta kokapenak Interneten ikus daitezke. Honako bi webgune hauetan jarri dituzte salgai sarrerak: torosazpeitia.com eta servitoro.com.
Uztailaren 31n Loreto Charro ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte Morante de la Pueblak, Daniel Luquek eta Juan Ortegak. Morante de la Puebla hiru deialditan iragarri duten arren, 2022an etorri zen azkenekoz Azpeitira. Ez da Luquek Azpeitian eskainiko duen erakustaldi bakarra izango, hurrengo egunean bigarren jardunaldia egingo baitu. Hain zuzen, abuztuaren 1ean Ana Romero ganadutegiko zezenak aterako dira zezen plazara, eta Urdiales, Daniel Luque eta Borja Jimenez toreatzaileen txanda izango da.
Abuztuaren 2an Clementek, El Colombok eta Jorge Martinezek Murteira Graveko zezenak toreatuko dituzte. Jorge Martinezek amaiera emango dio nobillero ibilbideari, eta Azpeitian debuta egingo du toreatzaile gisa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "proiekzio handiko toreatzaile gaztea" da Martinez.
Egitaraua:
- Uztailak 27, larunbata. Desenkajonamentua.
- Uztailak 31, asteazkena. Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega (Ganadutegia: Loreto Charro).
- Abuztuak 1, osteguna. Diego Urdiales, Daniel Luque eta Borja Jimenez (Ganadutegia: Ana Romero).
- Abuztuak 2, ostirala. Clemente, Jesus Enrique Colombo eta Jorge Martinez (Ganadutegia: Murteira Grave).