Dagoeneko ohitura den gisan, aurtengo saninazioetan ere jantokia jarriko du Etxerak Azoka Plazan. Hiru egunez emango du zerbitzua –uztailaren 30ean, 31an eta abuztuaren 1ean–, 20:00etan hasi eta 23:00 aldera arte, betiko helburu berarekin: festan dabiltzan herritarrei jatekoa emanez, preso, iheslari eta deportatuei eta haien gertukoenei laguntasuna ematea.
Azpeitia Gukak jantoki horretarako hiru otordu bikoitz zozkatuko ditu. Edozein herritarrek du zozketan parte hartzeko aukera, Azpeitia Gukako bazkide izan beharrik gabe. Hori bai, zozketan parte hartu nahi dutenek uztailaren 24ko 12:00ak baino lehen eman beharko dute izena, lotura honetan. Saridun bakoitzak 40 eurora arteko otordua egin ahalko du Etxeraren jantokian; hortik gorakoa norberak jarri beharko du. Bazkideek zozketan telefonoz parte hartzeko kodea 50 da.