Iaz bezala, aurten ere zirku ikuskizun batekin eta txaranga doinuekin agurtu zuten azpeitiarrek Santio eguna. Goizean jan-edana nagusitu bazen ere, arratsaldean askotariko ekitaldiak izan ziren herrigunea. Zezen plazan, Israel Perez El Rusok irabazi zuen errekortari txapelketa, baina lehiatik aparte, Mute zirku ikuskizuna izan zen Frontoi Txikian. Haur eta familia ugarik bete zuten pilotalekua, zirku ikuskizun mutuaz gozatzeko. Tolosako (Gipuzkoa) Jainekin txaranga ere kalerik kale ibili zen, herriko txokoak kanta ezagunekin dantzan jartzen. Landetatik abiatuta, Alde Zaharreko kaleetan barrena osatu zuten beren ibilbidea haiek.
Gaur eta bihar ere santioei lotutako ekintzak izango dira Azpeitian. Gaur, artzain txakur txapelketa, presoen aldeko elkarretaratzea nahiz parrillada eta musika taldeen kontzertuak izango dira. Bihar, berriz, umeen egun handia izango da. Hona hemen gaurko eta biharko jai egitaraua:
Gaur, larunbata:
- 17:30. Artzain Txakur Lehiaketa, Olazko belardian. Artxatek antolatuta.
- 18:30. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, plazan. Ondoren, parrillada.
- 22:00. Kilimak eta Heitxi taldeen kontzertuak, plazan.
Bihar, igandea, Umeen Eguna:
- 11:00. Goiz eresia Itsasi eta Luis Beltza dantza eskolako ikasleekin. Horrez gain, korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak lagunduta.
- 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa.
- 13:00. Erraldoien kalejira Alde Zaharrean. Arrasateko, Iruñeko, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Arrotxapeako, Iruñeko Alde Zaharreko, Añorgako, Pasaiako, Buztintxuriko (Iruñea), Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Arrotxapeako Iturri Plazako, Zizur Nagusiko, Navasko Colla Geganterak, Lazkaoko, Azpeitiko, Errezilgo eta Urrestillako erraldoiek osatuko dute desfilea.
- 14:30. Haurren eta gaztetxoen bazkaria, plazan, Haujijijaik antolatuta.
- 15:30. Umeentzako jolasak eta kalejira Alde Zaharrean, Haujijijaik antolatuta.
- 16:00. 45. Inazio Deuna txirrindularitza saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.
- 18:30. Desenkajonamentua, zezen plazan.
- 22:00. Musika Bandaren pasodobleen kontzertua, plazan.