Albistegia

Nuarbeko sokatira taldeari aitortza egin diote

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 29a, 15:03

Euskal Herriko Federazioaren, Azpeitiko Udalaren eta Mutriku eta Gaztedi sokatira kluben aitortza jaso dute nuarbetarrek. 580 kiloko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Misto Txapelketa, berriz, Gaztediren A taldearentzat izan da.

Atzo arratsaldean 580 kiloko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Misto Txapelketaren finala jokatu zuten Azpeitian, Esklabetako belardian, eta lehia bukatu ostean, Nuarbe sokatira taldeari aitortza egin zioten Euskal Herriko Federazioak, Azpeitiko Udalak eta Mutrikuko (Gipuzkoa) eta Laukizko (Bizkaia) Gaztedi sokatira taldeek. Nuarbeko taldeko kide izandako Sebastian Gurrutxagak, Miguel Angel Urtuzagak, Garik, Xipri Aranberrik, Jon Etxeberriak, Keixetak, Patxi Gurrutxagak, Aitor Olaizolak, Jose Mari Gurrutxagak, Axkoitik, Joseba Altunak eta Iñaki Altunak parte hartu zuten ekitaldian.

Omenaldiaren aurretik, ia bi orduz lehiatu ziren Gaztedi eta Mutriku sokatira klubetako hiruna talde. Berez Erandioko (Bizkaia) Goiherriko tiralariak ere etortzekoak ziren, baina, azkenean, haiek gabe jokatu zuten finala. Gaztediren A, B eta C taldeak eta Mutrikuren Mutriku, Saturraran eta San Jeronimo taldeak aritu ziren nor baino nor, eguzki galdatan eta beroari nola edo hala aurre eginez. Azkenean, Gaztedi A taldekoentzat izan zen Euskadiko txapela; Gaztedi B taldekoak azpitxapeldun gelditu ziren; eta Gaztedi C taldekoak, hirugarren lekuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide