Goiz-goizeko orduak eta arratsaldeko batzuk kenduta, 2024ko saninazioen azken egunak jai girotik gutxi izan du. Aurten, festak amaitu aurretik izan da nabarmena festondoaren ajea Azpeitiko kaleetan. Goizeko bigantxak eta arratsaldeko zezenketa, aurtengo feriaren hirugarrena eta azkena, ziren egitarauaren hitzordu bakarrak; eta, hain justu, zezenzaleek bakarrik izan dute zer ospatua gaurkoan.
Alde Zaharrean ez dute jende asko zain izan gaur aguaziltxoak eta Udal Musika Bandak, baina bai Artzubitik zezen plaza arteko tartean. Zezen plazaren atarian, jaietako egun guztietan bezala, Oinatz talde animalistak deitutako protesta egin dute. Plaza barruan, berriz, Clemente, Jesus Enrique Colombo eta Jorge Martinez toreatzaileek Murteira Grave ganadutegiko zezenak toreatu dituzte. Hasi aurretik, Joaquin Murteirak 2023ko saninazioetako zezen feriaren zezen onenaren saria jaso du Hegoa Larzabal zinegotziaren eskutik. Vinagre zezenarengatik jaso du saria Murteira Gravekoak; eta gaur, ganadutegi bereko Almirante, desenkajonamenduan nabarmendu zen bera, indultatu du Jesus Enrique Colombok. Arratsaldeko lehen zezenak, Soldadok, hankaz gora bota ditu pikadorea eta haren zaldia lehen ziztadarekin; eta Martinezek adarkada jaso du, baina jarraitzeko moduan izan da.