Jakinarazi dituzte Sitgeseko zinema jaialdi entzutetsurako hautatutako filmen izenak, eta, beste urte batez, zerrenda horren barruan dago Azpeitian sortu eta ekoiztutako proiektu bat: Xanti Rodriguezen Ospel Films ekoiztetxearen Gizaki film laburra. Rodriguezek idatzi du istorioa, eta hark zuzendu du proiektua.
Zuzendariak azaldu duenez, Azpeitian ekoiztu dute Gizaki oso-osorik nahiz eta aurrenekoz beste ekoiztetxe batzuekin kooprodukzioan aritu diren. Ospelek sortutako animaziozko lehen film laburra da, eta Xanti Agirrezabala aktoreak eman dio bizia protagonistari. "Azpeitiko DNA mantendu nahi izan dugu, eta Xanti Agirrezabala izan da aktore nagusia. Jantzi berezi baten bidez irudikatu ditu pertsonaiaren mugimenduak", azaldu du Rodriguezek. Azpeitiarraren estudioan VFX eta 3D animazioa ondo baino hobeto maneiatzen dituzte, eta industria horretan duten esperientzia baliatu dute animaziozko ikus-entzunezkoa sortzeko.
Gizarte kritika du oinarri Rodriguezen azken lanak, gerra eta gerraren ondorioak aletu nahi izan baititu. Hark azaldu duenez, ikus-entzunezkoan irudikatu nahi izan du haurrak direla munduko gatazken ondorioak jasaten dituztenak: "Gaur egun mundu mailan dauden gatazken inguruan ondu dugu filma, batez ere nabarmenduz umeak direla helduek egiten dituzten akatsak ordaintzen dituztenak".
Kataluniako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, Sitges Family atalean emango dute Gizaki, Espainiako estatuan ekoiztutako bederatzi film laburrekin batera. Azaroaren 3tik 13ra egingo dute Sitgeseko zinema jaialdia.
Gizaki proiektuarekin, hiru dira Sitgeserako aurkeztu dituzten Ospelen lanak. Lekaime izan zen aurrena 2018an, eta Pasaia bigarrena 2021ean.
Honako hau da filmaren kartela: