Kilometroak 2024

Kilometroen jaian murgilduta dago Azpeitia

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko urr. 6a, 15:00

Irekiera ekitaldiarekin hasi da Kilometroak 2024, eta Alde Zaharrera egindako kalejirarekin jarraitu du. Goizean zehar askotariko ekintzak egin dituzte ibilbideko lau guneetan. Goizak utzitako irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da honako hau. 

Kilometroak festan murgilduta dago Azpeitia. Eguraldia lagun, ikasberri ikastolan egin dute irekiera ekitaldia goizeko hamarretan, eta bertan izan dira hainbat erakundetako ordezkariak, tartean, Ikastolen Elkarteko, Azpeitiko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, eta guztiek nabarmendu dute, era batera edo bestera, euskararen eta euskarazko hezkuntzaren garrantzia.  

Erakundeetako ordezkarien hitz hartzearen ondotik iritsi da irekiera ekitaldiko unerik hunkigarriena; izan ere, Ikasberri ikastolak omenaldia egin die Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. Pailazoak hunkituta agertu dira.  

Ondoren, plazara joan dira kalejiran, skapaie elektrotxarangako, musika eskolako eta musika bandako kideekin batera. Han egin dute lekuko aldaketaren ekitaldia, dantzaz eta musikaz girotuta.  Elgoibar ikastolak hartu du 2025eko Kilometroak antolatzeko ardura.  

Bitartean, askotariko ekintzak egin dituzte herrian zehar banatutako lau guneetan. Plazan, esaterako, herri kirolak eta gazteen erronka izan da, eta bertan parte hartu dute 300dik gora lagunek, bost taldetan banatuta. Hainbat proba egin dituzte, kirolari, kulturari edota gastronomiari lotuta. Loiolan, herriko musika taldeen emanaldiak eta beste hainbat eragileren erakustaldiak nahiz tailerrak izan dira. Besteak beste, gimnastika erritmikoa, judoa, zirku tailerra, capoeira eta artisau azoka izan dira. Esklabetan, Izpiz izpi karaokea egin dute, eta Julen magoak nahiz Iagomagok magia erakustaldia eskaini dute. Era berean, skate tailerra eta askotariko jakiak dastatzeko aukera izan da. Ikastolan, antzerkia eta musika izan dira protagonistak. Troia antzezlanaz gain, Leherkaitz eta Ukabil musika taldeen kontzertua izan da.  

Goiza giro ederrean igaro duten arren, arratsaldean borobildiko dute jaia.  

Bihar argitaratuko du GUKAk gaurko egunak utzitako irudi eta adierazpenekin osatutako saio berezia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide