'Miñan' liburuaren gaineko irrati solasaldia izango da urriaren 19an

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 12a, 08:30

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. (Andoni Canellada)

Miñan Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, migrazio abentura bat, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Kontakizuna abiapuntutzat hartuta, irrati solasaldia antolatu du Kulturazek. Arzallusek berak, Timberlake Wertenbakerek eta Ander Lipusek parte hartuko dute saioan, Arantxa Iturbek gidatuta. Soreasun izango da, 11:00etan, eta gonbidapenak hartu behar dira.

Miñan irrati solasaldia izango da datorren larunbatean, urriak 19, Azpeitian. Duela bost urte argia ikusi zuen Miñan liburuak Ibrahima Balderen istorioa kontatzen du, eta haren kontakizuna gertutik ezagutzen duten gonbidatuz osaturiko irrati saio irekia izango da. Kulturaz kooperatibak antolatu du, eta bertaratu nahi dutenek aurrez gonbidapenak hartu beharko dituzte, lotura honetan. 11:00etan izango da saioa, Soreasu antzokian.

Miñan Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Migrazio abentura bat kontatzen du lanak; Baldek Gineatik Europara iristeko bidean bizi izandakoak jasotzen ditu. Irungo Harrera Sarean boluntario zebilela ezagutu zuen Arzallusek Balde, eta afrikar migratzailearen historia jaso zuen liburuan. Lanak Zilarrezko Euskadi saria irabazi zuen 2020an.

Liburua hainbat hizkuntzatara itzuli dute, eta, orain, gainera, antzerkira eraman du Artedramak. Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen barruan ikusi ahal izango da obra; azaroaren 1ean, hain zuzen ere. Dena den, horren aurretik, datorren larunbateko solasaldia egitea otu zitzaien Kulturaz kooperatibako kideei. Amets Arzallus bera, liburua ingelesera itzuli eta antzerkira moldatu duen Timberlake Wertenbaker eta antzezlana zuzendu duen Ander Lipus ariko dira solasean, Arantxa Iturbek gidatuta.

Irrati solasaldiaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, 635 73 87 60 telefono zenbakira dei dezakete herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide