Vox-ek ere informazio mahaia jarri nahi izan zuen joan den apirilean Azpeitian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan. Poliziak eskoltatuta iritsi ziren Espainiako alderdi ultraeskuindarreko bederatzi ordezkari orduan, baina "faxistak kanpora!" oihuen artean alde egin zuten minutu gutxi batzuren ostean.
Protesta horiei lotuta, hogei pertsonaren aurkako salaketa aurkeztu du orain Voxek. Azpeitiko epaitegian deklaratu beharko dute horiek, azaroan eta abenduan zehar.
Salaketa horrek hautsak harrotu ditu, eta zenbait eragilek euren desadostasuna azaldu dute, tartean Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Taldeak salatu duenez, "justiziak instituzio zein komunikabideetan mezu arrazistak eta baztertzaileak zabaltzen dituzten alderdiak babestu eta horiei aurre egiten dietenak jazartzen ditu". Halaber, Voxi zuzendu zaio esanez "beldurra sortu beharrean, faxismoaren aurkako jarrera indartzea" baino ez dutela lortuko. Gauzak horrela, ikertuak izaten ari diren herritarrei "babesa eta elkartasuna" adierazi nahi izan die, eta herritarrak "faxismoaren aurka borrokatzera" deitu ditu. Hemen irakur daiteke Kontseilu Sozialistaren idatzia osorik.