Gaur arratsaldean hitzordu berezi bat izango da herenegun inauguratu zuten Mendietxe museoan. Izan ere, batetik, Pasang Temba xerpak puja zeremonia egingo du, eta bestetik, Azpeitiko mendizaleei omenaldia egingo diete. Ekitaldia irekia izango da, eta Lagun Onak mendi bazkunak adierazi duenez, herritar oro dago gonbidatuta.
17:00etan hasiko da puja zeremonia. Hain zuzen ere, erritu budista hori gauzatzen dute xerpek Himalaiako edozein menditara abiatu aurretik; espedizio guztien atarian egiten dute erritua. Energia txarrak deuseztatzeko eta eremuarekin harmonia sortzeko egiten dute zeremonia hori. Gaur, beraz, Temba xerpa nepaldarrak herritarrei erakutsiko die nola egiten duten eskaintza hori. Zeremonia hori bukatzen denean, herriko mendizaleek jasoko dute aitortza.
Proiekzioak eta hitzaldiak
Egunotan hainbat solasaldi ere izango dira Mendietxen. Bihar, esaterako, Manu Cordova alpinista eta eskalatzaileak proiekzioa eta solasaldia eskainiko ditu, 18:00etan hasita. Ostiralean Sebastian Alvaro ematekoa zen hitzaldia bertan behera utzi dute momentuz, baina data berria jartzeko asmoz.
Mendietxeren inaugurazioan aurreratu zuen Alex Txikonek hainbat hitzordu izango zirela datozen asteetan museoan, baina aste honetakoez haratago, ez dute hitzorduen berri eman.