Azpeitiko antzinako lanbideak izango ditu ardatz datorren sansebastianetako haurren karrozak

Julene Frantzesena 2024ko aza. 6a, 14:13

Aurtengo sansebastianetako karroza.

Gaia ematearekin batera jarri du proiektu lehiaketa martxan Azpeitiko Udalak, eta herritarrek azaroaren 30erako aurkeztu beharko dituzte proiektuak. Aurtengo karrozaren egileak aurrekontu handiagoa izango du karroza osatzeko. 1.500 euroko diru saria eskuratuko du, gainera, hark.

Azpeitiko Udalak jakinarazi du zein izango den datorren urteko San Sebastian egunez umeen danborradarekin aterako den karroza egiteko gaia: Azpeitiko antzinako lanbideak. Gaia ematearekin batera jarri du proiektu lehiaketa martxan erakundeak, eta herritarrek azaroaren 30erako, larunbata, aurkeztu beharko dituzte proposamenak udaletxean.

Karrozaren aurrekontua aurreko urteetan baino handiagoa izango da oraingoan; izan ere, 11.500 euroko langa jarri du udalak –azken urteetan 7.800 eurokoa izan da–. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko diru saria eskuratuko du.

Honako hauek dira karroza lehiaketaren oinarriak:

  • Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek parte har dezakete. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  • Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • Proiektuek, nahi eta nahi ez, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak izan beharko dute. Horrenbestez, baldintza hori ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean lanaren egileak izango du erantzunkizun guztia.
  • Karroza diseinatzeko eta egiteko proposamenenean genero ikuspegia kontuan izan beharko da, emakumeen eta gizonen egoera, beharrizan, interes, asmo eta problema espezifikoak, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak aintzat hartuz.
  • Karrozaren neurriak ondorengo hauek izango dira: 2,80 metroko zabalera, 3,85 metroko luzera eta 3,20 metroko altuera.
  • Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean egilearen datuak zehaztuko dira: NA, helbidea, telefonoa eta Currikuluma.
  • Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaitzen da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna zein den modu egokian jakinaraziko da.
  • Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osaturikoa izango da.
  • Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da.
  • Planoak, bozetoak, 11.500 euro baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua eta gehienez A-4 formatuko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko dira.
  • Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.
  • Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez baldin badute behar adinako kalitaterik edo baliorik.
  • Oinarri hauek eta oinarri hauetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.
  • Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  • Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko.

Azken hiru urteetako karrozak Aitor Expositok egin ditu. Egindako azkena, 2024ko sansebastianetakoa, trikitia gai hartuta osatu zuen azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide