Aurrera doa Baigera elkarteak antolatutako Jubilatuen Astea. Astelehenean Sanjuandegin eta asteartean Baigera I-en bingo saioetan murgilduta ibili baziren, atzo arratsaldean hitzaldia izan zuten Basazabal jauregian.
Han, aukeratu gabeko bakardadeaz eta horren ondorioez aritu zen Luis Legorburu, Nahi ez den bakardadea eta horrek ondoez emozionalean eta osasun mentalean duen eragina izeneko hitzaldian. Jakin-mina piztu zuen Azpeitiko Udalaren psikologo zerbitzuaren arduradunaren solasaldiak eta aretoa bete zuten entzuleek.
Hitzaldia bukatu ondoren, arratsaldea borobiltzeko, Baigera I-eko tabernan elkartu ziren jubilatuak eta pentsiodunak, mokadua egiteko.