Atx Teatroaren Marmarrak kale antzerkiarekin gozatu zuten atzo, larunbata, Azpeitian. Kulturaz Kultur Kooperatibaren sormen egonaldietan gauzatutako antzezlana atera zuten kalera, Frontoi Txikiaren alboko plazatxora. 42. Euskal Antzerki Topaketen barruan eskaini zuten kale antzerkia, eta haurrek zein haien senideek gertutik jarraitu zuten lana; izan ere, beldurraren, mehatxuen eta ezinegonen aurrean zer aldarri hartu proposatu zuen antzerki konpainiak.
Besteak beste, honako hau dio obraren sinopsiak: gizakia zer astakeria egiteko kapaz da beldurragatik? Edota zer ez du sekula egingo beldurragatik? Mundua zoratuta dago, itsasontzi hau lemazain gabe doa, eta gu horren barruan gaude. Jendartearen ahots, desira eta ametsen artean, marmar beldurgarri baten mehatxua ailegatu zaigu, eta oharkabean piztuz nahiz handituz doa gure bihotzetan izenik gabeko ezinegon bat. Gure erantzuna bizitzaren aldeko garrasi mingarria da, maite dugun guztiaren aldeko aldarri basatia.