Txotxongilo tailerra egin dute hainbat gaztetxok

Julene Frantzesena

Hainbat herritar txotxongiloen tailerrean. (Kulturaz)

Euskal Antzerki Topaketen barruan eskaini zuten saioa Tolosako Topic txotxongiloen elkarteko kideek zapatuan. Bestalde, Corrado Masacci txotxongilo egilearen erakusketa ostiralera arte egongo da zabalik. Egun horretan, 17:30ean, Azpeitiko Udalaren oroigarri bat jasoko du hark.

Joan zen larunbatean txotxongilo tailerra egin zuten hainbat lagunek Dinamoa sormen gunean. Euskal Antzerki Topaketen barruan eskaini zuten saioa Tolosako Topic txotxongiloen elkarteko kideek, eta eskuak lanean eta irudimena martxan jartzeko parada izan zuten hara joandako haurrek zein haien gurasoek. Maritxu Amenabarroren Ez nago bakarrik liburua erabili zuten oinarri gisa.

Txotxongilozaleek, baina, badute beste hitzordu bat ere. 45 urteotan egin dituen txotxongiloak ikusgai jarriak ditu Corrado Masaccik Betharrametako aretoan. Ostiralera arte izango da erakusketa irekita, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Gainera, ostiralean bertan Azpeitiko Udaleko ordezkariek oroigarri bat emango diote Masacciri 17:30ean, erakusketa muntatuta duen aretoan, erretiroa hartzen duelako.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide