Gazteentzako ekitaldiak indartuta antolatu dute Hator Hator Horror Fest

Nerea Uranga 2024ko aza. 13a, 15:56

II. Hator Hator Horror Fest jaialdian gaztetxo bat marrazten. (Maialen Etxaniz)

Beldurrezko eta animaziozko ikus-entzunezkoei lotutako jaialdiaren laugarren edizioa abenduaren 7rako eta 8rako antolatu dute. Gazteen Hator Festan berrikuntzak izango dira, eta jaialdian Xanti Rodriguezek egindako Gizaki film laburra aurkeztuko dute, besteak beste.

Azpeitiko hainbat txoko hartuko ditu Hator Hator Horror Fest jaialdiak abenduaren 7an eta 8an. Beldurrezko eta animaziozko ikus-entzunezkoei lotutako jaialdiaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, Ospel Films, Kulturazek eta Azpeitiko Udalak antolatuta.

Askotariko ekitaldiak biltzen ditu jaialdiak: haur eta gazteentzako tailerrak, saioak, kontzertuak eta film laburren emanaldia, besteak beste. Aurtengorako prestatu duten egitarauaren berri eman dute, eta Gazteen Hator Fest indartu dutela aurreratu dute; alegia, haur eta gaztetxoentzako makillaje txokoaz gainera, magia emanaldia eta ilustrazio tailerra antolatu dituzte abenduaren 7rako. Jaialdiaren antolatzaileetako bat den Xanti Rodriguezek azaldu duenez, jaialdiak aurtengorako egindako apustua da nerabeentzako edota gazteentzako ekintzak gehitzea, eta berrikuntzak izango dira Olazko Andre Mariaren plazan jarriko duten magia gunea eta nerabeentzako antolatutako ilustrazio tailerra. Tailer horretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Kulturazen webgunean.

Jaialdiaren bigarren egunean, abenduaren 8an, film laburren emanaldia izango da, eta Gizaki film laburra aurkeztuko dute bertan. Azpeitian ekoiztu dute Gizaki oso-osorik nahiz eta aurrenekoz beste ekoiztetxe batzuekin koprodukzioan aritu diren. Ospelek sortutako animaziozko lehen film laburra da, eta Xanti Agirrezabala aktoreak eman dio bizia protagonistari. Film labur hori Kataluniako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, Sitges Family atalean eman berri dute, eta azaroaren 1ean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean EITBren Euskal Film Labur Onenaren saria jaso zuen. Bihar, berriz, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian emango dute, 18:00etan, Azkuna Zentroan.

Horrez gainera, saritutako film laburren emanaldia izango da. Rodriguezek aurreratu du 245 film labur jaso dituztela, eta urtez urte jasotzen dituzten film laburren kopurua handitzen ari dela. "Pixkanaka, Hator Hator Horror Fest jaialdia jende gehiago ezagutzen ari da, eta jasotzen ditugun film laburrak munduko txoko guztietakoak dira", azaldu du Rodriguezek.

Hator Hator Horror Festen egitaraua:

Abenduak 7, larunbata.

  • 12:00. Magia gunea, Olazko Andre Mariaren plazan. Gazteen Hator Festen barruan.
  • 12:30. Ilustrazio tailerra nerabeentzat, Sanagustin kulturgunean. Parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez lotura honetan gonbidapena hartzea. Gazteen Hator Festen barruan.
  • 13:30. Makillaje txokoa, Sanagustinpean. Gazteen Hator Festen barruan.
  • 18:30. Elbereth, Sijjin, Toxikull eta Iron Curtain metal musika taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. Sarrera doan da.

Abenduak 8, igandea.

  • 17:00. Hator Hator Horror Fest film laburren emanaldia. Gizaki film laburraren aurkezpena eta jaialdian saritutako film laburren emanaldia, Soreasu antzokian. Sarrera doan da. Animaziozko eta fikziozko film labur onenak sarituko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide