Familiaren Egunarekin eta festa giroan agurtu dute egoitzan San Martin Astea

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 17a, 09:00

Astean zehar egoitzara joan direnei, lagundu dutenei eta ekintzak girotu dituzten guztiei eskerrak eman dizkiete hango arduradunek. "Bertan bizi eta lan egiten duten pertsonentzat izugarri aste polita izan da", adierazi dute.

Joan den astelehenean, San Martin egunez, txupinazoarekin hasi zuten San Martin Astea atzo itxi zuten Azpeitiko adinekoen egoitzan. Ohi dutenez, azken jardunaldia egoiliarren eta haien senideen festarekin borobildu zuten. Eguraldi goxoak lagunduta, egoitzako lorategietan egin zuten Familiaren Eguneko festa, Juan Antxieta musika eskolatik joandako Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k eta Unia Frantsesenak girotuta.

Aurreko egunetan askotariko ekintzak izan dituzte egoitzan San Martin Astea ospatzeko. Ohikoez gain, aurten Euskal Antzerki Topaketen barruko emanaldi bat ere izan dute, baita San Martingo egoitza zaharreko erloju zaharberrituaren inaugurazio ekitaldia ere. Gainera, Bertso Bira egitasmoaren barruan, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Julene Iturbe bertsolariak egoitzan aritu ziren kantuan ostiralean; ETBko kamerak San Martin egoitzan izan ziren saio hori Hitzetik Hortzera saiorako grabatzen.

Astean zehar egoitzara joan direnei, lagundu dutenei eta ekintzak girotu dituzten guztiei eskerrak eman dizkiete hango arduradunek. "Bertan bizi eta lan egiten duten pertsonentzat izugarri aste polita izan da", adierazi dute.

(Argazkiak: San Martin egoitza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide