Corrado Masacci: "Etxean bezala sentitu izan naiz Azpeitian urteotan"

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 19a, 09:00

Corrado Masacci bere igel txotxongiloetako batekin, azaroaren 15ean, Betharramen. (Mailo Oiarzabal)

Ordu asko eman ditu Masaccik azken hamar urteetan Betharram aretoan berak sortutako txotxongiloak erakusten, baina iritsi zaio erretiroa hartzeko tenorea artista italiarrari. Erakusketa gehiago ez du egingo, baina hala ere, ez dio txotxongiloak egiteari utziko.

Euskal Antzerki Topaketekin lotu duen hamar urte pasako haria etetea tokatu zitzaion ostiralean Corrado Masacciri (Ravena, Italia, 1952). Bere azken erakusketaren azken egunean, Azpeitiko Udalaren eta topaketetan bere lekukoa jasoko duen Tolosako (Gipuzkoa) Topic zentroaren aitortza jaso zuen Ondarroan (Bizkaia) bizi den txotxongilogileak Betharramen, azken hamarkadan udazkenero hamabost bat egunez bere etxea izan den aretoan. Omenaldia jaso bezain pronto, hunkituta, erantzun zituen GUKAren galderak.

Hamarkada bat bete duzu Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan parte hartzen. Oroitzen al zara nola iritsi zitzaizun lehen aldirako gonbidapena?

Azken hamarrak jarraian egin ditut, baina 2007an parte hartu nuen lehen aldiz Antzerki Topaketetan. Handik zazpi-zortzi urtera, beste erakusketa bat egiteko proposamena aurkeztu nien antolatzaileei, eta onartu egin zidaten proposamena. Erakusketa hark harrera izugarri ona izan zuenez, Maria Pilarrek [Arrieta, udaleko Kultura teknikaria] proposatu zuen topaketen barruan hirurteko bat eskaintzea txotxongiloei, haurrek mundu hori ezagutu zezaten. Hiru urte horietan harrera hain ona izan zenez, hiru urte hamar bilakatu dira azkenean. Erakusketaren berri izan bezain pronto hasten ziren ikastetxeak bisita eskaerak egiten, eta segituan betetzen genuen egutegia.

Umeak, ikasleak, izan dira, hain zuzen, zure publikoaren zati handiena Azpeitian. XXI. mendeko haurrak ere liluratzen al dituzte txotxongiloek?

Bai, noski. Haurrek lilurarik sentituko ez balute, txotxongiloek erakarriko ez balituzte, ez nukeen nik hamar urtez jarraian erakusketarik jarriko. Gaur egungo umeek estimulu ugari dituzte inguruan, teknologiari eta pantailei lotutakoak, gehienak. Baina, hain zuzen ere, uste dut teknologiaren hoztasunetik aldentzen diren zerbait direlako gustatzen zaizkiela askori horrenbeste txotxongiloak. Gailu teknologikoak mekanikoak dira, hotzak; txotxongiloak, aldiz, elementu biziak dira. Saio didaktikoetan txotxongiloekin inprobisatzen nuen, eta haurren erreakzioaren arabera mugitzen nituen txotxongiloak era batera edo bestera.

Eta helduak liluratzen al dituzte txotxongiloek?

Bada urtero erakusketa ikustera etorri izan den jende heldua ere, eta erakusketan aurkitzen zuten txotxongilo aukerarekin harrituta gelditzen ziren asko.

Urte hauetan guztietan bizitakoak kontuan hartuta, zerekin gelditzen zara?

Haur pila bat hazten ikusi ditut, seme-alabekin erakusketara etorri izan diren familia asko ezagutu ditut... Horrekin gelditzen naiz, harreman horiekin. Etxean bezala sentitu izan naiz Azpeitian.

Azken erakusketa dela jakinda, agurtzera etorriko zitzaizun jendea, ezta? Zer esan dizute?

Etorri zaizkit agurtzera, bai. Eskerrak eman dizkidate urte hauetan jarritako erakusketengatik eta egindako lanagatik, eta hasiko dudan aldi berrirako onena opa izan didate.

Eta zer egingo duzu aurrerantzean, aldi berri horretan? Txotxongiloak sortu gabe eutsiko al diozu?

Egia esan, ez dakit zer etorriko den, baina txotxongiloak egiten jarraituko dut, tailerrean sortzen. 300dik gora txotxongilo dauzkat han, baditut berrogei bat bukatzeko, eta horiek behintzat osatu nahi nituzke. Ez aspertzeko adina lan badut egiteko. Bestetik, alaba eta biloba Italian bizi dira, eta haiekin denbora gehiago egoteko asmoa ere badut.

Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroak hartuko du zure lekukoa Azpeitian. Esku onetan uzten al duzu txotxongiloen atala Euskal Antzerki Topaketetan?

Seguru nago esku onetan gelditzen dela txotxongiloen bueltako lana, ez dut inongo zalantzarik edo kezkarik alde horretatik. Ezagutzen dut Topicen lana, erreferentzia dira txotxongiloen munduan, eta seguru nago oso ondo egingo dutela beren lana Azpeitian ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide