Beldurrezko eta fantasiazko film laburren Hator Hator Horror Fest jaialdiaren bueltan haurrentzako ekintzak egin zituzten atzo eguerdian Olazko Andre Mariaren plazan eta Sanagustin kulturgunean. Atzo, arratsaldean, berriz, metal doinuan tximak astindu zituzten bat baino gehiagok Sanagustinen bertan. Kontzertua iragarri baino ordubete geroago hasi zen, talde batek bertan behera utzi zuelako saioa osasun arazoak tarteko. Hala ere, metalaren zaleek Elbereth, Sijjin eta Toxikull taldeen hotsekin gozatu ahal izan zuten.
Gaur, igandea, Hator Hator Horror Fest jaialdian film laburren emanaldia izango da, 17:00etan hasita, Soreasu antzokian. Sarrera doan da. Bertan, fantasiazko eta beldurrezko film laburren jailadiaren lehiaketara aurkeztutakoetatik aukeratu dituzten hamar film labur onenak ikusteko aukera izango da, baita Xanti Rodriguezen Ospel Films ekoiztetxearen Gizaki ere. Film labur hori hainbat jaialditan erakutsi dute, eta besteak beste, EITBren Euskal Film Labur Onenaren Saria jaso zuen Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astean.