Ekaitza apaltzen ari da, baina oraindik ere kontuz ibili beharra dagoela ohartarazi dute, euri jasengatik 12:00ak arte alerta laranja emanda dagoelako. Ibaien ur mailak pixka bat behera egin du, eta alerta laranja horira jaitsi da.
Herrian sortu ditu eragozpenak eguraldiak. Soreasu auzotik Madalenarako bidea irekita dago trafikoarentzako berriz ere, baina bertan pilatutako lokatza garbitzen ari dira udal langileak. Abitaingo hilerritik Sakona etxaldera arteko errepidean, berriz, zuhaitz bat erori da, eta hura handik kendu bitartean bidea itxita egongo da trafikoarentzako. Ibai Eder urtegia, bestalde, %95,90 dago beteta gaurko egunez; iaz, garai honetan, %100,57 betetze mailan zegoen.
Ekaitzak asteburuan ere nahiko eragin izan du Azpeitian. Larunbatean, haize bolada gogor batek kiroldegiko beirate bat puskatu zuen, eta kiroldegiko taberna itxita dago ordutik. Udalak adierazi duenez, udal teknikariak nola konpondu aztertzen ari dira; lehenbailehen konpontzea da haien asmoa.
Atzo, igandea, Loiolako Ignazio etorbidean ur putzu handiak sortu ziren eta denbora batez trafikoarentzako itxita egon zen. Eguerdira artean, Urbitarte auzoko garajeetara ura sartu zen eta zuhaitz bat edo beste erori ziren Oñatzen eta Antzibarrena kalean.