Eneritz Otaegik (irudi onenarena) eta Oier Etxeberriak (testu onenarena) gaur jaso dituzte Gukaren VIII. Irudhitzen argazki eta testu lehiaketaren sariak –200 euro, bakoitzak–, eta sari banaketarekin batera, gaur ireki ditu ateak Sanagustin kulturgunean Irudhitzen erakusketak.
Lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi argazkirekin eta testurekin osatu du Gukak 2025eko Irudhitzen egutegia, bazkideek abenduko Azpeitia Guka aldizkariarekin batera etxean jaso edota jasoko dutena; eta egutegian jasotako irudiak eta testuak dira, hain zuzen, gaurtik abenduaren 20ra arte Sanagustinen ikusgai egongo direnak. Otaegiren hiru argazkik, Juan Carlos del Pozoren bik, eta Iñigo Olarte, Martxel Agirrezabalaga, Izarne Agirretxe, Aitziber Besga, Alberto Beloki, Ane Goenaga eta Elene Arregiren irudi banak osatu dute 2025eko Gukaren egutegia. Irudien gainean osatutako testuak, berriz, Miren Puertas, Aitor Arizmendi, Oier Etxeberria, Ane Goenaga, Joanes Karrera, Mikel Martinez, Jone Mendizabal, Enara Ansorregi, Amets Garitaonandia, Xuban Arandia eta Ane Mendozarenak dira.
Gukak eskerrak eman nahi dizkie Irudhitzen egutegia osatzeko lehiaketan parte hartu duten herritar guztiei.