Gabon Tuba kontzertuarekin ia 900 euro bildu dituzte Valentzian kaltetutakoei laguntzeko

Nerea Uranga 2024ko abe. 27a, 13:38

Abenduaren 8ko Gabon Tuba kontzertu solidarioan parter hartu zuten musikariak.

Gabon Tuba kontzertu solidarioa abenduaren 8an eskaini zuten Sanagustin kulturgunean, Valentziako uholdeetan kaltetutako musika elkarteei laguntza bideratzeko. Laguntza eman duten guztiak eskertu ditu Azpeitiko Metal Boskoteak.

Azpeitiko Metal Boskoteak antolatuta Gabon Tuba kontzertu solidarioa izan zen abenduaren 8an Sanagustin kulturgunean. Musika ekitaldi hori Valentziako uholdeetan kaltetutako musika elkarteei laguntzeko asmoz antolatu zuten.

Kontzertuaren antolatzaileek adierazi dutenez, denera 880, 39 euro bildu dituzte eta diru hori AETYB elkarteari bideratu diote banku transferentzia bidez. "Honela bildu dugu diru kantitate hori: 375 euro musikarien ekarpena izan da, 305,39 euro Gabon Tuba kontzertura joandako jendeak eman zuen eta 200 euro Azpeitiko Metal Boskotearen ekarpena izan da", zehaztu dute. Laguntza eman duten guztiak eskertu dituzte kontzertu solidarioaren antolatzaileek.

Horrez gain, adierazi dute oraindik laguntza edota diru ekarpena egin nahi dutenek AETYB elkartearen webgunean (aetyb.org) egin dezaketela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide