Azken egunotan eskualdean izandako eraso matxisten aurrean, "gaitzespenik irmoena" adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak gogorarazi duenez, batetik, Getarian gertatutako sexu eraso batengatik gizon bat atxilotu dute, eta, bestetik, Azpeitian bi genero indarkeria kasu gertatu dira –bata joan zen ostiralean, eta bestea Urtezahar gauean–. Horren aurrean, foru erakundeak "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi nahi dizkie biktimei, baita haien senideei eta gertuko pertsonei ere.
Halaber, Gipuzkoako Emakumeen aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Protokolo Instituzionalaren arabera, aldundiak bat egin du Getariako eta Azpeitiko udalek plazaratu dituzten gaitzespen adierazpenekin.
Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko "berdintasun falta" dela nabarmendu du aldundiak, "emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", hain zuzen. Horregatik guztiagatik, "beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean" jarri du azpimarra erakundeak. "Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean", adierazi du aldundiak.