Albistegia

Azken entsegua eginda, gaztetxoak ere danborradarako prest

Maialen Etxaniz - Mailo Oiarzabal

Gaztetxoenak ere dagoeneko prest daude sansebastianetarako. Gaur egin dute azken entsegua, eta bihar egingo dituzte aurreneko danborradak eskoletan. Astelehenean, San Sebastian egunez, izango da haurren danborradaren txanda, eta dagoeneko gogotsu daude.

San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, haurren danborradan aterako diren hamar taldeetako gaztetxoak prest daude danborren festan murgiltzeko. Gaur, ostegunez, egin dute hirugarren eta azken entsegua Izarraitz pilotalekuan. Pieza batzuekin beste batzuekin baino hobeto moldatzen dira, baina guztiekin ondo pasatzea dute xede. 

Astelehenean, hilak 20, 12:30ean hasita egingo dute haurren danborrada Aranetik eta Artzubiatik irtenda, eta plazan amaituko dute, urtero bezala. Egun horren aurretik, ordea, ikasleek izango dute danborradaz gozatzeko aukerarik. Lehen hitzordua bihar arratsaldean dute, ikastetxeetako danborradetan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide