San Sebastian eguneko goiza, bideoan

Urtzi Oteiza 2025ko urt. 20a, 12:30

Diana, prozesioa eta meza egin dituzte goizean, San Sebastian egunari ekiteko. Kalez kale ibili dira Izarraitz txistulari taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako txistulariak aurrena, eta Udal Musika Banda, musika eskolako txilibiteroak, eta Gure Ametsa eta Ardozaleak helduen danborradako taldeak ondoren. Parrokia jendez bete da, San Sebastian eguneko hitzordu berezirako. 

San Sebastian eguna da gaur, eta bart hasitako danbor festak ez du etenik. Goizean, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egin dute Udal Musika Bandako musikarien eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen laguntzarekin. 

Udal ordezkariak korporazioan parrokiara joan ondoren, prozesioan atera dute zaindariaren irudia, eta bueltakoan San Sebastian martxa jo dute danbor eta barrikekin eliza barruan. Gainera, 2019an bezala, Itsasiko bi dantzarik aurreskua dantzatu dute aldare aurrean, martxaren doinuetara. Prozesioan herritar gutxi irten dira. Aldiz, eliza bete-beteta zegoen, meza aurreko ekitaldiaren zain; eskuko telefonoen kamerak lanean jarri dituzte herritar askok, San Sebastian goizeko ikur bihurtu den unea jasotzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide