Saio bereziak

Umeen danborrada jendetsua, bideoan

Gorka Eizagirre 2025ko urt. 20a, 18:01

San Sebastian bezperan helduenak nola, egun seinalatuan umeen danborradak hartu ditu herriko kaleak, eta 500 danbor jotzailek giro paregabean zeharkatu dituzte herriko kaleak.

San Sebastian egunez, umeen danborrada izan da protagonista eguerdian Azpeitian, 500 ume inguruk herriko kaleak hartu baitituzte danbor hotsez girotzeko. Olazko Andre Mariaren Plaza ondotik abiatu da aurten ere umeen danborrada, eta Iraurgiko Zumalakarregi taldea, Ikasberriko soldaduak, Iraurgiko mikeleteak, Karmelo Etxegaraiko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko Tertzioak, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak eta Karmelo Etxegaraiko napoleoi gorriak hurrenkera horretan ibili dira Alde Zaharreko kaleetan; inudeak eta danborradako taldeetako jantziekin apaindutako gainerako ume txikiak, berriz, pixkanaka joan dira festara batzen. Kaleko desfilea amaitutakoan, guztiek bat egin dute plazan, eta ehunka herritarren aurrean eskaini dituzte haurrek danborradako ohiko piezak.

Horrez gain, Lanbide zaharrei eskainitako danborradako karrozak ere ikusmin handia eragin du herritarren artean. Aitor Expositok egin du aurten ere San Sebastian eguneko danborradarako karroza, eta hark latsariak edo labanderak, arotzak, organogileak, tren geltokikoak eta baserritarrak irudikatu ditu bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide