Inauteriak 2025

Inauteri kontzertuak ez du inoiz huts egiten

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 23a, 15:07

Sanagustin kulturgunea txiki utzi dute aurten ere Udal Musika Bandak Julian Barrenetxea eta Juan Antxieta musika eskolako abesbatzekin karnabalen atarian urtero eman ohi duen zuzenekoaz gozatzera joan direnek.

Karnabaletarako atzera kontaketa betean sartu da Azpeitia. Datorren ostiraletik hurrengo asteartera bitartean ospatuko dituzte feste kutunak azpeitiarrek, baina egitarauaren lehen zatia, motorrak berotzeko ohiko hitzorduekin –kaldereroak eta Inauteri kontzertua–, asteburu honetan osatu dute.

Atzo kaldereroekin kalez kalez ibili ondoren, gaur Julian Barrenetxea abesbatzarekin eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen abesbatzarekin indarrak batu eta Inauteri kontzertua eskaini du Udal Musika Bandak Sanagustin kulturgunean. Urteroko formatuarekin, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek, Gukak zein herritarrek utzitako aurreko urteko karnabaletako argazkiak pantaila handian bata bestearen atzetik ikusgai jarrita, Azpeitiko karnabaletako kantu ezagunak eskaini dituzte musikariek eta abeslariek Unai Frantsesenaren gidaritzapean: kaldereroek jotzen dituztenak, Sasikoipetsu, Goiz eresia, Lolita, Sarralle buru haundi, Bihotz eritua, Iriyarena... Eta amaitzeko, aipatutako askoren poupourria mambo doinuekin emanda –Gora karnabalak, miamol!–; eta opari gisa, Behera, behera!.

Urteko hitzordu seinalatuetako bat izaten da Inauteri kontzertua herritar askorentzat, eta horren erakusle izan da aurten ere Sanagustinek hartu duen betekada. Kanpoan sekulako eguzki giroa egon arren, ehunka lagunek barrurako bidea hartu dute: zortedunak edota goiz ibili direnak aulkien jabe egin dira, besteek ahal zuten txokoa aurkitu behar izan dute ordu eta erdiko kontzertua zutik entzuteko, eta izan dira sartu ezinda gelditu direnak ere. Azpeitiarrak Karnabal gosez daude eta Inauteri kontzertuak ez du inoiz huts egiten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide