Egoitz Arrutiren eskutik orografiaz eta argazkilaritzaz arituko dira osteguneko Grafiaz Betea saioan

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 25a, 11:30

Basoa. (Egoitz Arruti/@olazubia)

Arrutik esku artean daukan proiektua aurkeztuko du, baita beste artista batzuen lanak eta hausnarketak partekatu ere. Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Kulturaz kooperatibak askotariko grafiak ezagutarazteko eta horietan trebatzen hasteko antolatzen du Grafiaz Betea egitasmoa. Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta ostegunekoa aurtengo laugarren saioa.

Grafiaz Betea egitasmoaren barruan, orografiaz eta argazkilaritzaz arituko da Egoitz Arruti ostegunean Dinamoa sormen gunean, 18:00etan hasita. Argazkigile azpeitiarrak gaur egun esku artean duen proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu, baita beste artista batzuen lanen inguruan egiten duen hausnarketa partekatu ere. Honako lotura honetan egin behar da tailerrean parte hartzeko izen-ematea.

"Nire asmoa da, hasteko, argazkilaritza ikusteko eta gozatzeko daukadan modua azaltzea; ondoren, azken urteetan esku artean izan dugun poiektuaren berri emango dut. Hau da, aletuko dut zertan oinarritzen den edota zein den proiektuaren helburua", azaldu du Arrutik. Era berean, beste argazkilari batzuen lanak ere proposatuko ditu hausnarketarako gai gisa: "Beste bi lagunek ere parte hartuko dute osteguneko saioan gonbidatu gisa, eta haiek beraien proiektua azalduko dute. Gehienbat, emakumea historian zehar argazkietan nola agertu izan den aztertu eta gaiaz hausnartu dute. Horren inguruko proiektu interesgarria lantzen ari dira, eta polita iruditzen zait saiora eramateko". Horrez gain, beste argazkilari batzuen lanak izango dituzte hizpide, haien liburuetatik edo irudien proiekzioetatik abiatuta. "Niretzat interesgarriak diren lanen inguruan htz egitea, partekatzea eta elkarrizketa sortzea nahi dut, jendearekin hausnarketak eta iritziak elkarbanatzeko aukera izateko", adierazi du Arrutik. 

Azken egunotan saioa prestatzeko lanetan aritu da, irudiak biltzen, gordeta dituen liburuetatik materiala aukeratzen, eta hori guztia herritarrekin partekatzeko gogoz dago. 

Argazkiak egitea "hausnarketa ekintza baten gisan" bizi du azpeitiarrak. Txikitatik datorkio argazkilaritzarako zaletasuna, eta azken urteetan bere "gaitasunak berritzen eta argazkiak ateratzeko ikuspuntu desberdinen bila" ibili da. 

Aurtengoa Grafiaz Betearen hirugarren aldia da, eta orain arte landu ez dituztenak aukeratu dituzte saioetarako; izan ere, "arte grafikoetatik pixka bat aldendu" nahi izan dute. Horrela adierazi zuten Kulturazeko sustatzaileek ikasturte hasieran: "Hirugarren ikasturte honetan arte grafikoetatik pixka bat aldendu eta beste grafia batzuk ezagutzera egingo dugu jauzi, mundua idazteko erabiltzen diren grafia guztiak ditugulako begiz jota. Eta grafia guztiak izan baitaitezke lanerako iturri". 

Erlazionatuak

Begi-kliskak

Egoitz Arruti ots 21 Kultura

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide