Iritsi dira azken egunera aurtengo karnabalak. Gaur goizean goiz mozorrotutako jende oldeak hartu ditu Alde Zaharreko kaleak, Astearte Karnabal goizeko dianan. Udal Musika Bandaren segizio koloretsuaren eta alaiaren ondoren, Izarraitz txistulari taldekoak elkartu zaizkie bandakoei Plaza Txikian, zezenaren 07:00etako irteera iragartzeko.
Arratsaldean ere zezena izango da, 16:30ean irtenda. Lopene ganadutegiko zezenak aterako dituzte sokamuturrean, 20:00ak bitartean.
12:00etan, berriz, erretiratu gabeak etxeratzeko zein esna daudenei karnabalak ez direla bukatu gogoratzeko, Banda Gaztea ibiliko da kalejiran. Hauek dira karnabaletako azken txanpari gelditzen zaizkion hitzorduak:
- 12:00. Banda Gaztearen kalejira.
- 16:00-20:00. Jolas parkea haurrentzat, Izarraitz frontoian.
- 16:15. Zezenaren irteera Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak eta banda gazteak girotuta. Izarraitz txistulari taldeak zezenaren ibilbidea bera egingo du.
- 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.
- 18:00. Irulitxa txaranga.
- 20:00. Suzko zezena plazan, Irulitxa txarangaren laguntzarekin.