Martxoaren 15ean egingo dute Azpeitia-Gasteiz mendi ibilbideko bigarren etapa

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 6a, 15:20

Azpeitia-Gasteiz egitasmoko lehenengo etapako irudia.

Zumarragatik Zegamarako bidea egingo dute datorren martxoaren 15ean Gasteiz helmuga duen ibilbidean parte hartuko duten mendizaleek. Lagun Onak mendi bazkunak izena emateko epea ireki du dagoeneko.

Azpeitia eta Gasteiz arteko mendi ibilbidearen bigarren etapa egingo dute martxoaren 15ean, eta izen ematea zabaldu du jadanik Lagun Onak mendi bazkunak. Zumarragatik abiatuta Zegamarako bidea egingo dute mendizaleek egun horretan.

Lagun Onak mendi bazkunak Azpeitia eta Gasteiz arteko ibilbidea etapaz etapa egiteko erronka du aurten. Otsailaren 15ean egin zuten lehenengo etapa, Azpeitia eta Zumarraga artekoa, eta 86 pertsonak parte hartu zuen. Orduan, 30 kilometroko tartea egin zuten mendizaleek.

Datorren zapatuan egingo dute ibilbidearen bigarren zatia. Urretxuko Santa Barbaratik hasita, Deskarga, Arranoaitz eta Udana igaroko dituzte, gero Aizkorri magaleko basoan murgiltzeko. Guztira, 27 kilometroko eta 900 metro desnibeldun bidea izango da.

Lagun Onakek gaur ireki du bigarren etapan parte hartzeko izena emateko epea, eta zabalik izango da martxoaren 13ra arte; interesa duenak, esteka honetan eman dezake izena. Gainera, martxoaren 10aren eta 13aren artean ordainketa egiten dutenek –hamabost euro ordainduko dute bazkideek eta hogei gainontzekoek– egitasmoaren kamiseta jasoko dute. Horretarako, Azpeitiko Rural Kutxaren bulegoan egin beharko dute ordainketa.

Honako hauek izango dira Azpeitia-Gasteiz egitasmoko hurrengo etapak:

  • Apirilaren 12a. Zegama-Arantzazu –Aizkorri– (20 kilometro).
  • Maiatzaren 31. Arantzazu-Leintz Gatzaga (28 kilometro).
  • Ekainaren 28a. Leintz Gatzaga-Otxandio –Anboto– (27 kilometro).
  • Irailaren 13a. Otxandio-Murgia –Gorbea– (29 kilometro).
  • Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide