Mirari Uriak eta Realak 2027ra arte luzatu dute kontratua

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 24a, 10:02

Mirari Uria Anoetan, bere izena eta 2027 zenbakia daramatzan elastikoa erakusten. (Reala)

Donostiako futbol klubak atzo eman zuen akordioaren berri. "Oso pozik" agertu da aurrelari azpeitiarra. "Harrobitik igotako jokalari batentzat egundoko zortea da klubak beste bi urtez hemen jarraitzeko aukera ematea", adierazi du.

Mirari Uriak bi urtez luzatu du Realaren talde nagusiarekin duen kontratua. Donostiako futbol klubak atzo eman zuen akordioaren berri. 2019an debutatu zuen Uriak talde nagusiarekin, artean bigarren taldeko jokalaria zela, Anoetan, Athleticen kontrako ligako derbian. 2021etik da talde nagusiko jokalaria, eta 2027ra arte horrela izaten jarraitzeko akordioa sinatu du orain.

Uriak Realean orain arte egindako ibilbidea eta erdietsitako lorpenak goraipatu ditu Realak kontratu luzapenaren berri emateko plazaratutako oharrean: "Azpeitiarra lehen taldeko urte gozoen partaide ere izan da, ligako bigarren postua ziurtatzen zuen gola sartuz. Sailkapen historiko horretan, hiru Superkopetan, taldearen Txapeldunen Ligako debutean eta iazko Erreginaren Kopako finalean ere izan da. Horrez gain, elastiko txuri-urdinarekin 100 partida jokatu dituen harrobiko lehen jokalarian bilakatu zen denboraldi honen hasieran".

Klubaren sare sozialetan egindako adierazpenetan, "oso pozik" agertu da aurrelari azpeitiarra Realean jarraitzeko aukera izango duelako. "Harrobitik igotako jokalari batentzat egundoko zortea da klubak beste bi urtez hemen jarraitzeko aukera ematea", adierazi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide